Aiako festak 2026

Pala txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar arratsaldean, Aiako pilotalekuan

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 30a

Aiako pala txapelketako finalak, duela bi urte, artxiboko irudian.

San Donato eta San Lorentzo festak hasiko dira bihar Aian, eta egitarauaren barruan, 35. Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte herriko frontoian. Guztira bost norgehiagoka ikusteko aukera izango da. 

Aiako San Donato eta San Lorentzo festak hasiko dira bihar, eta egitarauaren barruan, pilota ikuskizun apartaz gozatzeko aukera izango da. Hain zuzen ere, 35. Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte 17:00etan, Aiako frontoian. Ekainaren 21ean eman zien hasiera txapelketari, eta ordutik hona ia egunero jokatu dituzte partidak, astelehenetik ostegunera, arratsaldetan.

Nagusien mailako bikotekako txapelketa bezala hasi zena, gaur egun bost kategoriaz osatuta dago. Gainera, emakumeen parte hartzea areagotu egin da azken urteetan, eta 11-15 urte bitartekoen nahiz nagusien kategoriak egonkortu egin dira baita ere.

Aurtengo edizioan guztira 10 eta 63 urte bitarteko 48 pilotarik hartu dute parte, horietatik 15 emakumezkoak. Gainera, Orio eta Zarauzko sei pilotari ere aritu dira lehian, eta horiek bikotea aiar batekin osatu dute. Hala, kanporaketak jada amaituta, finalak jokatzeko txanda iritsi da. Hona hemen biharko partidak:

  • 11-15 urte bitarteko neskak binaka: Alaia Atorrasagasti-Goreti Aranalde / Ane Iturain-Arene Iribar.
  • 11-15 urte bitarteko mutilak binaka: Haitz Etxarri-Oinatz Illarramendi / Urtzi Zabala-Adur Arozena.
  • Mutil nagusiak banaka: Xuban Illarramendi / Iban Aldalur.
  • Neska nagusiak binaka: Maialen Manterola-Saioa Iraola / Nora Iruretagoiena-Iraia Arozena.
  • Mutil nagusiak binaka: Oier Izeta-Iker Lizaso / Aimar Aramberri-Manex Albeniz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide