Aiako festak 2026

Bihar jarriko dituzte salgai Umeen Eguneko bazkarirako txartelak, igerilekuko tabernan

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 28a

Familien bazkaria, iazko Aiako festetan. (utzitakoa)

Aiako festen barruan, Umeen Eguna ospatuko dute abuztuaren 8an, larunbatarekin, eta familien bazkarirako txartelak bihar eta etzi izango dira eskuragai, igerilekuko tabernan.

San Donato eta San Lorentzo festak ospatzen hasiko dira laster Aian, eta umeek ere haien eguna izango dute aurtengo jaietan. Hain zuzen ere, abuztuaren 8rako egun osoko egitaraua osatu dute herriko txikienak ere festa giroan murgildu daitezen.

Egitarauaren barruan, familien bazkaria izango da 14:00etan, eta otordura gerturatzeko asmoa dutenek, bihar eta etzi izango dituzte bazkariko txartelak eskuragai, 17:30etik 19:30era igerilekuko tabernan, 15 euroan. Menuari dagokionez, iberikoak, urdaiazpiko kroketak eta oilaskoa parrillan emango dute, baita edaria eta kafea ere. Postrerako izozkia emango dute, eta menu beganoa ere aukeran izango da. 

Hona hemen Umeen Eguneko egitaraua:

Abuztuak 8, larunbata

  • 10:00. Diana, herriko kaleetan zehar.
  • 11:30. Haur eta gazteentzako jolasak, plazan.
  • 14:00. Familien bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 16:30. Apar festa eta puzgarriak.
  • 19:30. Kalejira buruhandi eta trikitilariekin, herriko kaleetan zehar.
  • 21:30. Kontzertuak: Gozategi, Zopilotes Txirriaos eta Afonica Naranjo.
  • Ondoren, Indate DJa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide