Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak etapa berri bati ekin dio estatutu eta izen berriarekin: Gipuzkoanatura deituko da aurrerantzean, hain justu. Bilakaera horren bitartez, lurralde osoko eragileak "elkarlanean aritzeko tresna sendoagoa" bihurtzea da erakundearen asmo nagusia. Egitasmoaren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean Aiako Iturraran parketxean, eta bertan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua eta Luis Mari Zaldua Gipuzkoanaturako gerentea.
Gipuzkoanaturak bi lankidetza mota aurreikusten dituela kontatu dute agerraldian. Lehena, udalekin eta haien zentro edo instalazioekin izango da, "elkarrekin lan egiteko, ezagutza partekatzeko eta gizarteari proposamen bateratu bat eskaintzeko". Erakunde horiek ez dute patronatuko kide izan beharko kolaboratzaile izateko. Bigarren lankidetza azpiegitura propiorik ez duten, baina arlo berean lan egiten duten beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin izango da, eta kasu horretan, ikasleen eta eragileen ezagutza eta prestakuntza trukatzeko proiektuetan oinarrituko da lankidetza.
Arlo operatiboan, estatutu berriekin, hiru atal nabarmentzen direla azaldu dute, hala nola, jardueren egokitasuna areagotzea, komunikazio lanei bultzada ematea eta baliabideak optimizatzea. Komunikazioari dagokionez, Gipuzkoanaturak webgune berria jarri du martxan. Atari digitalean, fundazioa eta haren helburuei, sarea osatzen duten zentroei edota programatutako jarduerei buruzko informazioa jasotzen da, besteak beste.
"Dagoena aberasteko eta zabaltzeko"
Gipuzkoako Parketxe Sareak, orain Gipuzkoanaturak, guztira sei parketxe nahiz interpretazio zentro kudeatzen ditu: Aditurri (Oiartzun), Iturraran (Aia), Barandiaran Museoa eta Lizarrusti (Ataun), Anduetza (Zegama) eta Arantzazu (Oñati). Horiek ez dira, ordea, Gipuzkoan natura heziketara bideratutako azpiegitura bakarrak. Baliabide horiek, publikoak –Eusko Jaurlaritzaren, aldundiaren edo udalen mendekoak– zein pribatuak, udalerri handietan eta txikietan daudenak, naturara bideratutako ekimenen ekosistema zabala osatzen dute.
Testuingu horretan, jarduera oro indartzeko biderik eraginkorrena "elkarlana" dela azpimarratu du Zalduak. Halaber, "ingurumen hezkuntzan, sentsibilizazioan, aisialdian eta turismoan eskaintza osagarri eta koordinatua izateak" inplikatutako eragile guztiei "onurak" ekarrizko dizkiela nabarmendu du. Bide horretan, Gipuzkoanaturak erakundea "indartu eta sendotzearen aldeko apustua" egin du, "dagoena aberasteko eta zabaltzeko" helburuz. Izan ere, estatutu berriek udal gehiago erakundearen kide izatea errazten dutela argitu dute, eta aldi berean, interpretazio zentroen sarea "indartzen" dute.
Gainera, etapa berriari ekitearekin batera, Gipuzkoanaturaren egiturari kide berri bat batu zaio: Zumaiako Udala. Hain zuen ere, urtea amaitu aurretik Gipuzkoanatura arduratuko da Zumaiako Flyschenea interpretazio zentroaren kudeaketaz. Atxikimendu horrek Fundazioak lurraldeko natura eta geologia ondarea kontzerbatzeko, zabaltzeko eta balioesteko modu koordinatuan lan egiten duten erakundeen sarea zabaltzen jarraitzeko duen bokazioa indartzen du.
Mendozak adierazi duenez, lurraldeko natur eta giza balioetara "sarbide garrantzitsua" eskaintzen dute Parketxe Sareko intrepretazio guneek. "Gipuzkoanatura bilakatzean, bere egitekoa indartzen ari gara, naturari lotutako heziketan, sentsibilizazioan eta asian are eta erreferentzialtasun handiagoa izan dezan". Halaber, diputatuak nabarmendu du gainontzeko erakunde eta eragileekin "elkarlanean sakontzen" jarraituko duela sareak.
Estatutuen aldaketarekin, beraz, 2009an fundazioa sortu zeneko helburuei eutsiz, Gipuzkoanatura lurraldeko natura heziketa, sentikortze, aisia eta turismoaren arloan "erreferente nagusia" bilakatu nahi da, eta horretarako, arlo horretan lanean ari diren ahalik eta erakunde, azpiegitura eta egitasmo gehienen "zutoina" izan nahi da.