Aiako Udala: "Erreistako jaitsierako arazoari behin betiko irtenbidea ematetik gero eta gertuago gaude"

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 22a

GI-2631 errepideko Erreistako jaitsieraren gaur egungo egoera. (Aiako Udala)

Gipuzkoako Foru Aldundiak lau milioi euro inbertituko ditu GI-2631 errepideko Erreistako jaitsiera egonkortzeko. Aiako Udalak erabaki hori "urte askotako lanaren" emaitza dela nabarmendu du, eta aiarrentzat albiste "oso ona" dela adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitaziora atera ditu GI-2631 errepideko Erreistako jaitsieran egingo diren egonkortze lanak. Ia 4 milioi euroko aurrekontua izango duen esku hartzearen helburua "urte luzez arazoak sortu dituen tarteari behin betiko irtenbidea ematea eta errepidearen segurtasuna bermatzea" dela argitu du Aiako Udalak.

Hain zuzen ere, azken urteetan, udalak eta aldundiak elkarlanean jardun dute, Erreistako jaitsierako arazoari "irtenbide iraunkorra" emateko. Orain, obren lizitazioa argitaratuta, proiektuak beste "urrats garrantzitsu bat" eman du, eta gauzatzetik gero eta gertuago dago. "Urte askotako lanaren ondoren, albiste honek erakusten du bide onean goazela. Erreistako jaitsierako arazoari behin betiko irtenbidea ematetik gero eta gertuago gaude, eta hori albiste oso ona da Aiarentzat", adierazi du Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak.

Aldundiak aurkeztutako proiektuak irtenbide tekniko zehatza aurreikusten du lur mugimenduek eragindako ezegonkortasunari aurre egiteko, errepidearen egonkortasuna epe luzera bermatzeko helburuarekin. Beraz, udalak eskerrak eman dizkio aldundiari proiektua aurrera eramateagatik, eta obrak datozen hilabeteetan martxan jartzea espero du. Bestalde, lanek hamahiru hilabete iraungo dutela ere aurreikusi dute, baina oraindik ezin dute zehaztu zenbaterainoko eragina izango duten trafikoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide