Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur iragarri duenez, lau milioi euro inbertituko ditu Aiako errepide zati baten egonkortasuna bermatzeko "soluzio berezi batean". GI-2631 errepidean, 19,250 kilometro-puntuan, Iturrarango parketxerako bidegurutzearen inguruko errepide zatian, hain zuzen. 170 metro inguruko tartean, egitura-soluzio "berritzaile" bat ezarriko dute: errepidea sakonean sartutako zutabeen gainean bermatuko da, eta mendi hegalaren mugimendu naturala errespetatuko da.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu du lilzitaziora atera dituztela Aiako GI-2631 errepideko tarte kaltetua egonkortzeko obrak. Lanek ia lau milioi euroko aurrekontua izango dutela ere esan dute; zehazki, 3.987.197,86 euroko aurrekontua izango dute. "Ikuspegi geoteknikotik bereziki konplexua den puntu bat" dela azaldu dute; "izan ere, errepidearen azpiko lurraren ezaugarriek mendi hegalaren mugimendu geldo baina etengabea eragiten dute, eta horrek deformazioak eta pitzadurak sortzen ditu galtzadan".
Hala, errepide tarte horren "segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzeko", Gipuzkoan "orain arte erabili gabeko" irtenbide tekniko bat proposatu du aldundiak. Irtenbide hori lurraren joerara egokituko da, galtzada eusten duen plataformaren egonkortasuna bermatzeko. Bozeramaileak azaldu duenez, ohiko euste teknikek "ez lukete epe ertainera emaitza eraginkorrik emango; izan ere, mendi hegala indartuta ere, lurrak mugitzen jarraituko luke eta berriro eragingo lioke errepideari". Gainera, "mendiaren mugimendua erabat geldiarazteko tamaina handiko esku-hartzea egin beharko litzateke, eta ingurumen inpaktu oso handia izango luke".
Hamabost pila pantaila
Proiektuak jasotzen du hamabost pila-pantaila sakon eraikitzea, kaxoi moduko egitura bertikalak, 15 eta 20 metro arteko sakoneran ainguratuko direnak. Horien gainean bermatuko da hormigoi armatuzko taula, eta haren gainean errepidearen plataforma. Lanak udazkenean hasi ahal izatea da aurreikuspena.
"Egiturak, funtsean, zutabeen gainean bermatutako zubi txiki baten moduan jardungo du", azaldu du Berasaluzek. "Horrela, lurrak errepidearen azpitik bere mugimendu naturala egiten jarraitu ahal izango du, galtzadaren egonkortasuna eta segurtasuna arriskuan jarri gabe".