Aiako VIII. Gazte Eguna ospatuko dute abuztuaren 1ean, larunbatez, eta Aiako Gazte Asanbladak dagoeneko jakinarazi du festa horren bueltan antolatutako egitaraua.
Goizeko 11:5ean ekingo diote egunari, txosnaren irekierarekin. Bitartean, "ume handientzako jolasak" izango dira plazan, eta ondoren, paella lehiaketa egingo dute.
Lehiaketan parte hartzen dutenek 14:30erako aurkeztu beharko dute beren paella, eta antolatzaileek jarriko dituzte osagai nagusiak: arroza, olioa, gatza eta parrillak. Azken horiek ere antolatzaileek piztuko dituzte.
Ondoren herri bazkarian jango dituzte paellak. Antolatzaileek jakinarazi dute nork bere etxetik eraman beharko dituela platerak eta sardexkak. Antolatzaileek jarriko dituzte edaria eta bazkalondoko kafea eta txupitoa. Gainera, kamisetak eta edalontziak oparituko dituzte. Langileek 15 euro ordaindu beharko dute txartel bakoitza eta, langabetuek, 12 euro. Txartelak uztailaren 17an izango dira salgai, 17:00etatik 20:00etara plazan.
Arratsaldetik aurrera, musika izango da protagonista. 18:30ean hasita, Elektrotxuflak girotuko ditu herriko kaleak, eta iluntzean, hiru kontzertuz gozatzeko aukera izango da, Herenegun, Leihotikan eta Bad Sound System igoko baitira oholtzara. Jarraian, DJ Boletus Rumberusek izango du gauari amaiera emateko ardura.