Seitik bost, lortuta

Urtzi Oteiza 2024ko mai. 26a, 15:47

Joseba Ostolazaren eskolako sei harri-jasotzaile saiatu ziren atzo arratsaldean Aian marka pertsonalak hobetzen, eta guztiek lortu zuten, Aroa Sanchezek izan ezik. Zaila zeukan horrek, lesionatuta egon baita hainbat astez. Saiakera esanguratsuena Udane Ostolazak egin zuen, bere pisua bi aldiz jaso baitzuen, eta hori orain arte inoiz ez baitzuen egin emakume batek.

Ikusmina eragin zuen atzo Aian sei harri-jasotzailek beren marka pertsonalak hobetzeko egindako hitzorduak. Joseba Ostolazaren eskolakoak dira guztiak, eta ez zuten hutsik egin: saio ikusgarriena Udane Ostolazarena izan zen, bere pisua bi bider jasotzea lortu baitzuen, eta baita bi kilo gehiago ere; 122 kilokoari hiru jasoaldi eman zizkion hiru minutuan. Aurrez inork egin gabeko marka da hori.

Xabier Aranburu Guzta-k aurrenekoan lortu zuen 237 kiloko errektangular modernoa altxatzea; Xiker Larrea, Goikoetxe-k bigarren saiakeran lortu zuen 200 kiloko errektangular modernoa jasotzea; Gari Garmendia Garmendia II.-ak ere bigarrenean lortu zuen 215 kiloko harri errektangular zaharra altxatzea; eta Estefania Etxebeste Estefi-k, azkenik, hiru minutuan 10 jasoaldi eman zizkion 100 kiloko zilindro zaharrari.

Aroa Sanchez izan zen helburua lortu ez zuen bakarra: 135 kiloko harria altxatzea, baina lesionatuta ibili da oriotarra, eta zaila zuen erronka handia burutzea.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide