Andatza auzoak Aiako III. Mendi Duatloia hartu du beste urte batez. Atzo, larunbatez, jokatu zuten mendiko duatloi proba, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan, eta Iker Eskibel eskoriatzarra eta Enara Oronoz iruindarra izan ziren nagusi bakarkako mailan. Gizonen mailan, Unai Mateos ugaotarra izan zen bigarrena eta Ander Uriarte bergararra hirugarrena.Emakumeetan, Nekane Pradera gasteiztarra izen zen helmugara iristen bigarrena eta Ainara Pequeño zumaiarra hirugarrena. Erreleboka, berriz, Sunbilako Koldo Herrera eta Dani Iparragirre izan ziren aurrenak lanak bukatzen. Jende ugari bertaratu zen Andatzara proba ikustera.
Eskibel eta Oronoz pozik agertu ziren egindako lanarekin, eta datorren asteko jardunaldiari begira daudela aitortu zuten.
Aurten, zirkuituaren dinamika aldatu dute antolatzaileek, eta korrika-bizikleta-korrika egin beharrean, korrika eta bizikleta egin dituzte hurrenez hurren. Ohi bezala, Aristerrazu plazatik irten ziren parte-hartzaileak, eta 6,21 kilometro egin zituzten lasterka mendian. Guztira, hiru buelta eman zizkioten ibilbideari. Ondoren, beste hiru itzuli eman zizkioten bizikletako zirkuituari, 13,2 kilometro osatu eta plazan helmugaratu arte.
Aurten, bakarka 40 lagunek hartu dute parte, eta erreleboka, berriz, 21 bikotek; guztira, 82 parte hartzaile aritu dira lehian.
Irudi politak utzi ditu Aiako III. Mendi Duatloiak.