Peruko Munduko Txapelketatik brontzezko dominarekin itzuli zara Zumaiara. Nolakoa izan da lehiaketa?
Lehengo urtean lehen postua eskuratu ostean, aurten presio gehiago sentitzen nuen eta pixka bat urduri joan nintzen. Iaz maila handiko surflari askok ezin izan zuten hitzordura joan, eta banekien aurtengo txapelketan lehia handiagoa izango zela. Hala ere, gogo handia nuen neure burua munduko surflari onenen artean lehian ikusteko. Oso txapelketa berezia izan da niretzat Perun jokatutakoa, eta oso harro sentiarazten nau munduko surflari onenekin parez pare lehiatzeak.
Ezagutzen al zenituen txapelketako Punta roca eta El bosque olatuak?
Asko hitz egin zidanten olatu horien inguruan, baina txapelketa aurretik ez nuen sekula surf egin bertan. Perun ditudan hainbat lagunekin hitz egin dut Punta Roca eta El bosque olatuen inguruan, baina bertan egon arte, ez nekien zehazki nolakoak izango ziren. Egia da ezagutzen ez nuen toki berri batera iristean, urduri xamar jarri nintzela. Hala ere, iruditzen zait lan bikaina egin dugula, eta oso gustura gaude lortutako emaitzarekin.
Iaz urrezko domina lortuta, aurten begiradak zure gain zeudela sentitzen al zenuen?
Iazko irabazle tituluarekin lehiatzen hastea ez da erraza izan. Hala ere, presioa baino gehiago, motibazioa sentitzen nuen, eta etxera urrezko dominarekin itzultzeko gogoa areagotu zitzaidan. Indarrak eman zizkidan faboritoen artean nengoela jakiteak eta berriro finalean egoteko gogotsu nengoen. Espektatibak alde batera utzita, une oro mailarik onena erakusteko irrikaz nengoen.
Nolakoa da erreferentetzat dituzun surflariekin lehiatzea?
Kasu honetan, goi mailako surflari asko zeuden lehiaketan, eta nire iritziz, nik baino presio gehiago sentitzen zuten horiek. Izan ere, pribilegio gehiago zituzten txapelketan bertan; adibidez, hirugarren txandan sartu ziren zuzenean, gu ez bezala.
Gure kasuan, espektatibak eta presioak alde batera utzi genituen, eta olatuetan lehiatzen lortu nahi genituen emaitzak. Bagenekien lan ona eginda emaitza onarekin itzuliko ginela Perutik etxera, eta hala izan zen. Lan handia egin dugu eta oso harro gaude lortutako emaitzarekin.
Munduko Txapelketara joan aurretik egindako elkarrizketan, taldekide izan duzun Ruben Vitoriak aipatu zuen taldean giro oso atsegina zenutela. Hala izan al da?
Taldeko giroa ikaragarria izan da. Sei kideetatik bost euskaldunak ginen eta, azken finean, horrek etxean bezala sentiarazten zaitu. Betidanik ezagutzen dugu elkar, eta konfiantza hori ezinbestekoa da taldean giro atsegina sortzeko. Taldekideekin dudan harremana, senide arteko erlazio bat bailitzan sentitzen dut askotan. Etxetik urrun baina ongi babestuta, taldeko giroa ezin hobea izan da.
Vitoria, Nadia Erostarbe eta zeu, Urola Kostako hiru Munduko Txapelketan. Harro sentiarazten al zaitu eskualdekoekin batera lehiatzeak?
Harrotasun ikaragarria sentitzen dut eskualdeko lagunak munduko txapelketetan lehiatzen ikustean. Esan bezala, aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta plazer handia da horrelako momentu politak elkarrekin partekatzea. Nadia munduko surflari onenen artean dago eta hemengo surfa maila gorenera eramaten ari da. Rubenek ere denboraldi bikaina egin du eta ibilbide oparoa du aurretik. Euskal surfa inoizko momenturik onenean dagoela esango nuke, eta ziur nago atzetik datozen surflari gazteek ere mailari eutsiko diotela.
2028ko Olinpiar Jokoak ate joka daude. Errealitate bihur daitekeen ametsa al da jokoetan parte hartzea?
2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoetan parte hartzea amets handia da eta lan asko egin beharko dut bertan egoteko. Txartela eskuratzeko aukerak badaude: beste Munduko Txapelketa bat dugu aurretik, eta Europako Txapelketa ere bai.
Banaka zein taldeka egin behar dugu lan handia eta horretan jardungo gara aurrerantzean. Ea lan horrek fruituak ematen dizkigun eta Olinpiar Jokoetan lehen aldiz parte harzteko aukera izaten dudan.
Horrelako txapelketa handi bat prestatzeko, nolakoa izaten da zure entrenamendu egun bat?
Normalean, ez dut prestaketa berezirik egiten txapelketa handien bezperetan, entrenamendu antzekoak egiten ditut urte osoan zehar. Goizean esnatzen naiz eguneko olatuak ikusteko, eta horien arabera antolatzen dut eguna. Zorte handia dut, entrenatzaileekin harreman oso ona dudalako, eta malgutasunez prestatzen ditugu entrenamenduak. Egun arrunt batean, bi aldiz sartzen naiz uretara eta gimnasio saio bat egiten dut.
Denboraldi bikaina izan da hau zuretzat; tartean, Espainiako txapeldun ere izan zara. Etxean baduzu tokirik hainbeste sari gordetzeko?
Annette ahizpa ere hasi da lehiaketa handietan dominak lortzen, eta bion artean etxea taulaz, arropaz eta sariz bete dugu. Oso pozik gaude 'arazo' honekin, izan ere, beti dira ongi etorriak gure lana baieztatzen duten sariak. Etxean tokirik ez badago ere, sariak ekartzen jarraitu nahi dugu, non gordeko ditugun ez nau hainbeste kezkatzen. Hori izan dadila gure arazo handiena!
Denboraldia bukatuta, zertan zabiltza orain?
Martxoan pare bat txapelketa egingo ditut, baina ordura arte, atseden hartuko dut. Peruko Munduko Txapelketa izan da lehiaketei dagokienez nire aurtengo azken hitzordua, eta orain, pare bat asteko oporraldian nago. Abendu hasieran berriro ekingo diet entrenamenduei, denboraldi berria prestatzeko. Bitartean, merezitako atsedena hartuko dut eta nahi dudan modura gozatuko dut itsasoaz.