Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Larraina euskara elkartearekin eta Astindu dantza taldearekin elkarlanean, egitarau zabala antolatu du bihartik abenduaren 4ra ospatuko den Euskararen Asterako. Bihar herrigunea zeharkatuko duen lipdub kolektiboa izango da egitarauko ekimen nagusia, baina musika, literatura, bertsoak, zinema zein solasaldiak ere izango dira datozen egunetan.
Bihar hasiko da Euskararen Eguneko festa, 13:00etan udaletxetik Kofradiara egingo duten kalejirarekin. Astinduk eta Larrainarek antolatutako lipdub-aren grabaketan parte hartuko dute ibilbidea egingo duten herritarrek. Segidan, Esnatu dinamikaren adierazpena irakurriko dute, herriko elkarteekin argazki kolektiboa aterako dute, eta Zutrik taldearen musikarekin nahiz txorizo eta sagardo dastaketarekin borobilduko da eguna.
Bestalde, abenduaren 1ean, asteartez, Julene Azpeitia 39. ipuin lehiaketako sari banaketa egingo dute Alondegiko Oxford aretoan, eta jarraian bertso-saio literarioa eskainiko dute Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Eneritz Artetxe bertsolariek eta Paule Bilbao musikariak.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, ikastetxeetako HHko eta LHko ikasleei 2027ko egutegia banatuko diete goizean, ikastetxeetan zein udaletxean. 18:30ean, Mintzo zen film laburra proiektatuko dute Aita Mari aretoan, eta jarraian, zaintzari nahiz euskarari buruzko solasaldia eskainiko dute Izaro Arrutik, Pili Etxabek eta Arritxu Manterolak.
Astea amaitzeko, abenduaren 4an, ikasleentzako Appa hi! lehiaketan parte hartuko dute Batxilergoko 1. mailako ikasleek, eta DBH 4koek, berriz, Eñaut Elorrietaren eta Mikel Markezen Baga Biga emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute Aita Marin.
Egun berean, Astinduren ekimenez, larunbatean grabatutako lipdub bideoaren estreinaldi ofiziala egingo dute Komentuko Torreateko aretoan. 18:30ean hasiko da emanaldia.