Asteburu honetan jolas eta jostailu erakusketa berezi bat antolatu dute Ludotekan. Ekimena 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago bereziki, eta adin tarte horretarako egokienak diren jolasak zein jostailuak ikusgai jarriko dituzte.
Saio hauen bidez, haurrek zein helduek jolas desberdinak zuzenean ezagutzeko eta horiekin jolasteko aukera zabala izango dute. Horrez gain, bisitariek kasu bakoitzean jolas egokienak aukeratzeko laguntza jasoko dute, hezitzaileen aholkuei esker.
Erakusketa bihar eta etzi egongo da zabalik, 17:00etatik 19:30era bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, asteburuan ez da ohiko Ludoteka zerbitzurik eskainiko; horren ordez, bertaratzen direnei orientazioa eta aholkularitza eskaintzen ariko dira hezitzaileak.