Ikerketa sustatzeko 2027ko diru laguntza deialdia zabaldu du Geoparkeak

Maddi Txintxurreta

Geoparkeak San Telmo ermitaren aldamenean jarritako informazio panelak. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Deialdi berrirako proiektuak datorren urteko urtarrilaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira eta 2027. urtean zehar egin beharko dira.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak tokiko ikerketa zientifikoa sustatzeko diru laguntza deialdi berria ireki du. Deialdi horren bidez, Geoparkeari lotutako ikerketa proiketuak lagunduko ditu. Interesdunek urtarrilaren 15era arte aurkeztu ahal izango ditutze beren proiektuak. Horretarako, esteka honetan kontsulta daitezkeen oinarriak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute, eta proposamenak flysch@gipuzkoa.eus helbidera. Diru laguntzaren onuradunak 2027. urtean zehar gauzatu beharko du bere proiektua.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ikerketa zientifikoa funtsezko zutabea da Euskal Kostaldeko Geoparkearen garapenean. "XX. mendearen hasieratik Geoparkearen geologiak eta ondare natural eta kulturalak bertako eta nazioarteko ikertzaile askoren interesa piztu dute. Horiei esker, lurraldeari buruzko ezagutza garrantzitsua dugu gaur egun, eta dibulgazio-ekimenak gara ditzakegu, eduki zorrotz bezain interesgarriarekin", esplikatu dute.

Geoparkea 2012an hasi zen ikerketa proiektuak diru laguntzen bidez sustatzen, ezagutza hobetzeko eta tokiko zientzian oinarritutako proiektuen bidez eskaintzen dituzten jarduerak aberasteko helburuz. Horrela, azken urteetan proiektu interesgarri asko lagundu dituztela nabarmendu dute, "eta horiei esker –gaineratu dute–, esate baterako, gure itsaslabarretako luizi handien dinamika ezagutu dugu (2024-2025), edo Errotaberriko errekastoko ibai-fauna kontserbatzeko proiektu berritzaile bat sustatu dugu, zuhaitzak eta adarrak ubidera botaz, nitxo ekologiko berriak sortzeko (2023)".

2026ko ikerketa proiektua bereziki berritzailea izan dela baieztatu dute. Lan horrek flyschera egindako bisita gidatuen inpaktu kognitiboa eta emozionala aztertu du, neuromarketinean erabili ohi den analisi neurofisiologikoaren bidez.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide