Eman daiteke izena 42. Herri Lasterketarako

Andoni Elduaien

Korrikalari talde bat, aurten jokatu den lasterketan. (Argazkia: Juan Luis Romatet)

Martxoaren 13an, larunbatez, jokatuko dute datorren urtean proba. Kronoak atarian eman beharko da izena martxoaren 9a baino lehen. Haurren eta helduen lasterketak jokatuko dituzte egun horretan Zumaian. Herri lasterketaz gain, udalak San Silvestre lasterketaren xehetasunak eman ditu, baita Flysch Trail probaren data iragarri ere; urriaren 2an jokatuko da datorren urtean.

Zabalik da Zumaiako 42. Herri Lasterketarako izen emate epea. Martxoaren 13an, larunbatez, jokatuko dute datorren urtean proba herrian, eta atzo geroztik eman daiteke izena Kronoak atarian. Martxoaren 9ra arte eman ahalko da izena atari horretan; 15 euro ordaindu beharko da helduen proba luzean aritzeko, eta 12na euro helduen proba motzean aritzeko. 

Ohi bezala, haurren eta helduen lasterketak jokatuko dira egun horretan. Helduen mailako proba nagusia 17:00etan jokatuko dute, eta bi ibilbide izango ditu: bata 5,6 kilometrokoa eta bestea 10,2 kilometrokoa. Dena den, helduen lasterketa horren aurretik jokatuko dituzte umeen mailako lasterketak; 15:45ean hasita, kimuen, haurren, kadeteen, benjaminen eta aurre-benjaminen probak izango dira. Hona hemen lasterketa horiez guztien ordutegiak: 

  • 15:45. Kimuen edo alebinen mailako lasterketa: 1.050 metro (irteera Beheko plazan).
  • 16:00. Haurren mailako lasterketa: 2.100 metro (irteera Beheko plazan).
  • 16:10. Kadeteen mailako lasterketa: 2.100 metro (irteera Beheko plazan).
  • 16:30. Benjaminen mailako lasterketa: 300 metro (irteera Saregile plaza parean).
  • 16:35. Aurre-benjaminen mailako lasterketa: 250 metro (irteera Saregile plaza parean).
  • 16:40. Eskola adinekoen sari banaketa.
  • 17:00. Helduen lasterketa: 5.100 metro edota 10.200 metro (irteera Beheko plazan).

Sal Silvestre, ate joka

Urtea korrika amaitzeko gonbidapena egin ohi duen San Silvestre lasterketaren inguruko xehetasunak ere eman ditu udalak. LH 1 mailatik LH 4 mailara arteko ikasleek parte hartuko dute aurrena; Oxford paretik Eusebio Gurrutxaga plazara artek ibilbidea osatu beharko dute haurrek. LH 5 eta LH 6 mailetakoek, berriz, plazatik Aita Mari taberna pareraino egin beharko dute lasterka, eta DBH 1 eta DBH 2 mailetakoek, Paoleraino.

Haurren proben ondoren, 11:30ean Nordic Walking saioa egingo dute, eta 12:00etan izango da helduen txanda. Parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko: ikastetxetik edota kiroldegitik lasterketarako txartela jaso, hura bete eta egunean bertan aurkeztu beharko dute korrikalari guzti-guztiek.

Lasterketak amaitzean, antolatzaileek txorizo egosia eta salda eskainiko dizkiete parte hartzaile guztiei, eta Gertu elkarteak bonuak zozkatuko ditu.

Flysch Traila, urrian

Bestalde, udalak dagoeneko zehaztu du datorren urteko Flysch Trail lasterketa noiz jokatuko den: urriaren 2an izango da, larunbatez. Izen ematearen inguruko xehetasunak laster emango dituztela aurreratu du erakundeak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide