Lipdub kolektibo batek irekiko du larunbatean Euskararen Astea

Maddi Txintxurreta

Astindu dantza taldekoen emanaldia. (Arnaitz Rubio Aprea)

Larunbateko festan euskararen alde dantza egitera animatu dituzte herritarrak Larrainak eta Astinduk.

Euskararen Astea festa giroarekin hasiko da larunbat honetan. Larraina euskara elkarteak eta Astindu dantza taldeak, udalaren laguntzarekin, herritar guztiak gonbidatu dituzte kaleak musikaz eta dantzaz betetzeko antolatu duten ekitaldi berezian parte hartzera.

Jaiaren ekitaldi nagusia larunbat eguerdirako antolatu duten lipdub kolektiboa izango da. 13:00etan abiatuko da musika eta dantza osagai izango dituen kalejira udaletxe paretik, eta Kofradiarako bidea egingo dute herritarrek. Han, Astinduk eta Larrainak prestatutako dantza grabatuko dute bertan bilduko diren herritarrekin.

Grabaketa horren emaitza ez da berehalakoan aurkeztuko: bideoaren estreinaldi ofiziala abenduaren 4an egingo dute Komentuko kaperan, 18:30ean.

Lipdub-aren grabaketaz gain, larunbateko egitarauak komunitatea euskararen bueltan sendotzeko hainbat ekintza bilduko ditu. Grabaketaren ostean, herritarren zein herriko elkarteen argazki kolektiboak egingo dituzte Kofradia inguruan, eta atzetik Zutrik taldearen eskutik segituko du festak. Topaketa borobiltzeko, herritarrek txorixoa eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide