Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren barruan, EH Bilduk agerraldia egin du gaur goizean Zumaian, San Telmo ermitaren kanpoaldean. Iñaki Ostolaza Espainiako Gorteetarako Gipuzkoako hautagaiak eta Zumaiako alkateak hartu du hitza, euskal kostaldea balioan jartzeko batetik, eta bestetik, lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduan "euskal erakundeek erabateko gaitasuna eta burujabetza izatea" aldarrikatzeko. Hain justu, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta flyscharen lurraldean egin du agerraldia, azpimarratzeko euskal kostaldearen balioa "hainbat ertzetatik begiratuta" dela "garrantzitsua". Ingurumena, aberastasun ekologikoa eta balio historikoak aipatu ditu, baita flyscha eta Geoparkea bera ere.
Haritz Alberdi Getariako alkatea alboan zuela, Ostolazak nabarmendu du "kostaldeko ekosistema hauskorrak babestea" dela EH Bilduren lehentasunetako bat arlo honetan. "Hori egunerokoan erakusten dugu egiten ditugun politika publikoetan, hirigintza proiektu handien aurretik. Eta hori da gainontzeko administrazio eta instituzioei ere eskatzen dieguna. Horrek, besteak beste, inbertsioak eskatzen ditu".
Deskarbonizazioa bizkortzeko –2040-2045 ingururako neutraltasun klimatikoa lortzeko helburuarekin– eta klima aldaketak itsasertzean dituen ondorioei –itsasoaren mailaren igoera, denboraleak– aurre egiteko "politika publikoak indartzea ere ezinbestekoa" dela esan du EH Bilduren hautagai zumaiarrak, eta horrek "instituzioen arteko lana" eskatzen duela ziurtatu du. "EH Bilduk horretan indarra eta ekarpena egin du eta egiten jarraitzen du. Madrilen ere lortu zuen pasa den legealdian horretan ekarpen ekonomikoa. Eta berriro ere egingo du", azpimarratu du.
Ingurumenaren kontserbazioan eta lurralde antolamenduan udalen, aldundiaren eta estatuko kostaldeko zerbitzuaren arteko koordinazioa beharrezkoa dela irizten dio Ostolazak, baina era berean, burujabetza aldarrikatu du euskal erakundeentzat: "Lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduan euskal erakundeek erabateko gaitasuna eta burujabetza izan beharko lukete, Madrilgo edo Parisko administrazioen menpekotasunik gabe erabaki ahal izateko. Zumaian, Itzurunen egindakoa da horren adibidea, iparraldeko sarbidean babes neurriak bermatzeko konponbidean parte hartu baitu udalak, baina Estatuko Administrazioaren baimena behar izan duelako jabari publikoan jarduteko".