Zumaiako San Juan egoitzako langileek 365 egun bete zituzten atzo greba mugagabean. Hori horrela, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian, eta ondoren, prentsa oharra irakurri zuten, Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroen sektorean egiten ari diren borrokaren berri emateko.
ELA sindikatuak deituta, sektore osoan 30 greba egun baino gehiago egin dituzte, eta gaur egun, zortzi egoitzetako langileak daude greba mugagabean, Zumaiako San Juan egoitzaz gain, Donostiako Txara II, Villa Sacramento eta La Paz, Errenteriako Sagrado Corazón eta Sanmarkosene, Zumarragako Amixao eta Ordiziako San Jose. Egoitza horietako langileek urtebete daramate greban, eta ehunka mobilizazio egin dituzte sektoreko langile guztientzako hitzarmen baten alde.
Lan baldintza prekarioak
Langileen arabera, Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroen sektorean 5.000 lagun inguruk egiten dute lan, "gehien-gehienak emakumeak". Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa izan arren, "langileen %93 azpikontratatuta" dagoela salatu dute. Horren ondorioz, lan baldintza prekarioak dituztela diote, "emakumeak direlako eta azpikontratatutako zaintza esparruan dihardutelako".
San Juan egoitzako langileek azaldu dutenez, "langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren kontratu partzialak" dituzte. Egoera horrek, langileak enpresen deien menpe bizitzera behartzen dituela salatu dute, "hilabeteko soldata arrunt batera gerturatzeko". Gainera, sektoreko langileek lan bera egiten duten langile publikoekin alderatuta urtean "10.000 eurotik gorako soldata arrakala" dutela adierazi dute.
Erantzunik ez
Sektoreko hitzarmen berria negoziatzeko mahaia 2025eko urtarrilean eratu zuten, Matia, Adegi eta Lares patronalek eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatutakoa. Hainbat bilera egin ostean, ordea, negoziazioa blokeatuta dagoela salatu dute langileek.
Greba mugagabeak 2025eko azaroan hasi ziren lehenengo sei egoitzetan, eta ondoren, beste bi batu ziren. "Eulen, Clece edo Domusvi bezalako enpresa multinazionaletakoak dira grebalariak, baina baita hemengo Matia edo Mondragon kooperatibatakoak ere", nabarmendu dute beharginek. Haien esanetan, enpresa horiek guztiek lanaldi partzialtasuna eta soldata arrakala aplikatzen dituzte, eta "emakumeak esplotatzen dituzte euren interes ekonomikoak defendatzeko".
Instituzioen erantzukizuna
San Juan egoitzako langileek gogorarazi dute "instituzioek zaintzaren gaia euren ahotan" erabiltzen dutela. Gainera, nabarmendu dute "propaganda ugari" egiten dutela, baina euren erabakia izan zela "pribatizatu eta negozio iturri bihurtzea".
Halaber, Foru Aldundiari eskatu diote negoziazioan esku hartzeko eta baliabideak jartzeko, %100eko lan kontratuak eta soldata arrakala ezabatuko dituen hitzarmena lortzeko. Era berean, zaintza zerbitzuen publifikazioa aldarrikatu dute. "Zaintza ez da kalitatezkoa izango langile nahikoa ez badago eta hauek lan baldintza duinak ez badituzte", adierazi dute.
"Zaintza unibertsala, publikoa, doakoa eta kalitatezkoa izateko langileen antolaketa eta greba ahalmena ezinbestekoak" direla azpimarratu dute. "Ahalduntze kolektibo hau da, hain zuzen, sindikalismoak feminismoari egin ahal dion ekarpenik onena", gogorarazi dute.