Zumaienak artea, hezkuntza eta herrigintza uztartzen dituen 'Hegaldia' proiektua jarri du martxan

Julene Sorarrain

Abesti eta bideoklip baten bidez, sormena eta elkarlana sustatu nahi ditu egitasmoak, eta haur eta gazteei ohiko erreferenteetatik haragoko sortzaileak gerturatu. Bost ikastolatako 16 ikaslek eta hainbat artista eta profesionalek hartu dute parte proiektuan. Atzo iluntzean aurkeztu zuten proiektua jendaurrean, Oxford aretoan.

Zumaiena Ikastolak Hegaldia izeneko abestia eta bideoklipa aurkeztu zituen atzo iluntzean, jendaurrean, Alondegiko Oxford aretoan. Ikastolatik haratago, hizkuntza, artea, kultura eta herrigintza uztartzeko helburuarekin sortu dute Hegaldia proiektua. "Guretzat hezkuntza ez da ezagutza transmititzera mugatzen; haur eta gazte bakoitzak bere interesak eta talentuak ditu, eta talentu horiek piztu egin behar ditugu, beren buruan sinetsi eta etorkizuneko aukerak ikuspegi zabalago batetik ikusteko", azaldu zuen aurkezpenean Isaak Aranberri Zumaienako zuzendariak.

Horretarako, ohiko erreferenteetatik harago joanda, gizarteko hainbat esparrutan sormena, ekimena eta pasioa lantzen dituzten profesionalak ezagutarazi nahi ditu proiektuak, artista eta profesionalen parte hartze zuzen zein zeharkakoaren bidez. Haien lana balioan jarri eta haur eta gazteentzat erreferente gertukoak bihurtzea du xede, hain justu. Hor dago, hain zuzen ere, Hegaldia-ren ardatz nagusietako bat: artisten lana aitortzea eta elkarlan berriak sustatzea. "Hau ez da Zumaienaren abesti huts bat; guztiontzat sortutako abesti eta bideoklip bat da. Bakoitzak bere nortasuna eta sorkuntza mantenduz, elkarrekin lan egiteko eta sinergiak sortzeko espazioak sortu nahi izan ditugu proiektu honekin", nabarmendu zuen Aranberrik.

Abestiaren sorkuntza Ainhoa Urteaga abeslariarena izan da, eta artisten arteko kolaborazio gisa eta beraien arteko zubiak eraikiz, Herenegun eta Eire Maiak musikari daude. Abestiarekin batera, bideoklipa ere sortu dute, dantza eta irudia uztartuz. Osa+Mujika dantza konpainiako Jaiotz Osa eta Xabier Mujika arduratu dira bideokliparen sorkuntzaz eta zuzendaritzaz, dantzari profesionalekin elkarlanean. Gainera, "erronka berezi" bati heldu diote: bost ikastolatako 16 ikasle eta dantzari profesionalak bideoklip baten sorkuntza prozesuan elkartu dituzte. Orioko Herri Ikastolako, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako eta Oteitza Lizeoko, Azpeitiko Ikasberri Ikastolako eta Zumaiena Ikastolako ikasleek hartu dute parte egitasmoan.

Osak esperientzia "oso berezia" izan dela nabarmendu zuen aurkezpenean. Izan ere, Zumaienako ikasle ohia izanik, berezia egin zaio "beste hezkuntza sistema berritu bat" ikustea. Hala esan du: "Gure argitasuna Zumaienara eramaten saiatu gara. Oso eskertuta gaude, lehenengo egunetik primerako dantzariak izango balira bezala aritu baitira ikasleak", adierazi zuen.

Aurkezpenean, bideokliparen sorkuntza prozesuaren nondik norakoak ere erakutsi zituzten, eta amaieran, Urteagaren gidaritzapean, ekitaldira bertaratutako haur eta gaztetxoek Hegaldia abestia kantatu zuten, familien eta herritarren aurrean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide