Zumaiako Mugimendu Feministak oharra plazaratu du Emakume Pentsiodunen Asanbladak bihar Zumaian egingo duen seigarren batzarraren harira. Beren "babesa" erakutsi dute, eta jardunaldian parte hartuko dutela iragarri. "Pozgarria da horrelako batzar bat herrian antolatzea, eta bertan izango gara ostegun honetan".
Emakume pentsiodunen mugimendua egiten ari den lana goraipatu du mugimendu feministak, "eztabaidaren erdigunean jarri dituelako pentsioen genero arrakala, zaintza sistemaren izaera patriarkal, arrazista eta koloniala, eta pentsio baxuek adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistan duten eragina, besteak beste".
Emakume pentsiodunen borrokaren garrantzia ere azpimarratu du: "Emakume pentsiodunek plazaratutako aldarrikapenak ezinbestekoak dira bizitza duinak bermatzeko eta gizarte feminista eta berdinzale bat eraikitzeko". Horregatik, "gure eskertza eta miresmena adierazi nahi dizkiegu urte luzez egindako borrokagatik eta oraindik ere antolatuta jarraitzeagatik".