Elikadura burujabetza sustatzeko herri prozesuaren barruko saioa egingo dute bihar

Andoni Elduaien

Hainbat lagun, prozesuaren barruan egin zuten aurreko saioan. (Udala)

Elikadura burujabetzaren inguruan Zumaian abian duten prozesuaren barruko saioa egingo dute bihar, Komentuko Frantziska Labaien gelan. Zerbitzuen eskain ditzakeen zerbitzuak aztertuko dituzte batetik, eta bestetik, horiek martxan jartzeko lehen urratsak identifikatzen saiatuko dira. 

Zumaiako Udalak saio irekia egingo du bihar, osteguna, elikadura burujabetzaren inguruan abian duen herri prozesuaz azalpenak emateko. Komentuko Frantziska Labaien gelan egingo dute saioa, 18:30ean hasita. Proiektuaren asmoak, helburuak eta balioak landu eta gero, bihar proiektu horrek eskain ditzakeen zerbitzuak aztertzen eta horiek martxan jartzeko lehen urratsak identifikatzen hasiko dira parte hartzaileak.

Besteak beste, lau eremu jorratuko dituzte biharko saioan: bertako elikagaiak merkaturatzea eta eskuratzea; elikagaiak prestatzea eta otorduak eskaintzea; elikaduraren inguruan heztea, ezagutza partekatzea nahiz elkartzea; eta ekoizleen zein tokiko egitasmoen garapenean laguntzea. 

Udalak azaldu duenez, lau eremu horiek inguruko proposamenak kontrastatuko dituzte partaide guztien artean, baina, era berean, talde txikietan egingo dute lan zerbitzu bakoitza martxan jartzeko beharrezko urratsak, aukerak eta zailtasunak identifikatzeko. Erkibe eraikina prestatu baino lehen egin daitezkeen egitasmoak proposatu ahalko dituzte parte hartzaileek, eta lau lan eremuen arteko elkarlanerako aukerak aztertuko dituzte.

Herri prozesuak "izaera publiko komunitarioa" duela nabarmendu udalak. "Herritik eta herritarrentzat eraikitako ekimena izatea du xede, tokiko elikadura sistemari eta herriaren bizitza sozialari nahiz ekonomikoari ekarpena egiteko". Hori hala, udalak herritarrak, ekoizleak eta proiektuan interesa duten tokiko eragileak gonbidatu ditu biharko saiora. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide