Musikak Komentua hartuko du Santa Zizili egunaren bueltan

Maddi Txintxurreta

Musika eta Dantza Eskolako ikasleak, 2023ko Santa Zezilia eguneko emanaldian. (Juan Luis Romatet)

Ostegunean Musika eta Dantza Eskolaren Xexili emanaldia izango da, larunbatean La Divina Comedia kontzertu sinfonikoa eskainiko du bandak, eta txistulariek kalejira egingo dute igandean.

Santa Zezilia egunaren aitzakian, musika eskaintza oparoa izango da Zumaian datozen egunetan. Ostegunean Musika eta Dantza Eskolaren Xexili emanaldia izango da, Udal Musika Bandak La Divina Comedia kontzertu sinfonikoa eskainiko du larunbatean eta Txistularien Bandak kalejira egingo du igandean. 

Musika eta Dantza Eskolako ikasleek 17:30ean eskainiko duten Xexili emanaldiak era askotako genero eta estiloak bilduko ditu Komentuan, tradizioa eta gaur egungo musika garaikidea uztartuz. 

Larunbatean, halaber, Zumaiako Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du Torreateko auditorioan, 19:00etatik aurrera. Jose Mari Azkueren zuzendaritzapean, bandak La Divina Comedia taularatuko du, entzuleak fantasiaz, dramatismoz eta kontrastez beteriko ibilbide sinfonikora gonbidatuz.

Bestalde, igandean, 10:00etatik aurrera, Txistularien Bandak herriko kaleak alaituko ditu kalejira batekin.

Gonbidapenak gaurtik aurrera

Komentuko Torreateko auditorioaren edukiera mugatua dela eta, antolatzaileek doako gonbidapenen bidez kudeatuko dituzte emanaldietarako sarrerak. Gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu ahalko dira Turismo Bulegoan, pertsona bakoitzeko gehienez bi sarrera hartzeko mugarekin.

Antolatzaileek gonbidapenen erabilera arduratsua egiteko deia luzatu diete herritar guztiei.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide