Berdintasunerako V. Plana herritarren iritziekin osatzeko helburuz, ostegunerako saio irekia deitu du udalak

Maddi Txintxurreta

Zumaiako Berdintasunerako V. Planaren dokumentuak. (Zumaiako Udala)

Azaroaren 19an, osteguna, saio irekia egingo dute Emakumeon Etxean, 18:00etan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko erronkak zein beharrak aztertzeko.

Zumaiako Udala Berdintasunerako V. Plana prestatzen ari da, herriko errealitateari eta herritarren beharrei erantzuteko asmoz. Prozesu horren barruan, udalak herritarrekin lanketa kolektiboa abiatu du emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dauden arazoak eta beharrak aztertzeko. Horretarako, ostegunean, azaroak 19, 18:00etan, Emakumeon Etxean egingo den saio irekian parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei.

Topaketa horren helburu nagusia da Zumaiako eguneroko bizitzako hainbat eremutan emakumeek bizi dituzten errealitateak ezagutzea eta horien inguruan hausnartzea. Herritarren ekarpenak, kezkak eta bizipenak entzunez, herrian berdintasunaren arloan dauden erronka zein behar nagusiak identifikatu nahi ditu udalak.

Saio ireki hau Berdintasunerako V. Plana osatzeko prozesu orokorraren baitan kokatzen da. Udalak azaldu duenez, helburua da plana herritarren iritzi zein proposamenetatik abiatuta eraikitzea, Zumaiaren errealitateari erantzuna eman diezaion. Horregatik, zumaiar guztiak daude gonbidatuta osteguneko saioan parte hartzera eta beren ikuspegia zein proposamenak partekatzera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide