Kulturak arnasgune bat gehiago du Zumaian. Herriko musika eta dantza talde desberdinek atzo arratsaldean zapaldu zuten estreinakoz Komentuko kaperako oholtza, eta aurrerantzean, kultur adierazpide anitzak aterpetuko ditu espazio berriak.
Kapera egokitzea besterik ez zen falta Komentua kultur topagune bihurtzeko prozesua ixteko, horregatik, prozesu horretan lagundu duten kultur taldeak arduratu ziren espazio berria irekitzeaz; hain zuzen ere, Zumaiako Musika Eskola, Zumaiako Musika Banda, San Pedro Abesbatza, Astindu dantza elkartea, Txistulari Banda, Zumai Txaranga, Zutrik trikitilari elkartea, dultzaineroak eta Oihana Rodriguez 'Akaleia' musikaria.
Jon Maia eta Libe Yeregi kulturgileek aurkeztu zuten irekiera ekitaldia, eta haiek nabarmendu zutenez, batik bat musikari eskainitako espazioa izango da kaperako auditorioa. Formatu eta estilo desberdinetako kontzertuak eskainiko dituzte bertan, eta grabazio estudio bat ere izango du. Hala ere, erabilera anitzeko espazioa izango da: besteak beste, herriko elkarteen jarduera desberdinak, formatu txikiko dantza ikuskizunak, hitzaldiak, proiekzioak, tailerrak eta mintegiak ere bertan egitea aurreikusten dute.