Myriam Ulangaren eta Roberto Nuñoren emanaldia izango da igandean, 37. Gipuzkoako Organoak Zikloaren barruan

Maddi Txintxurreta

San Pedro parrokiako organoa.

19:00etatik aurrera, organo eta biola doinuek bat egingo parrokian.

Gipuzkoako Organoak Zikloaren 37. edizioaren baitan, Myriam Ulanga organojoleak eta Roberto Nuño biolajoleak musika emanaldi berezia eskainiko dute San Pedro parrokian datorren igandean, 19:00etan. 

Emanaldian parte hartuko duten bi musikariek ibilbide akademiko eta profesional zabala dute. Myriam Ulanga andoaindarrak Luis Fraca irakaslearekin ekin zien musika ikasketei, eta ondoren Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan piano eta organo titulazioak lortu zituen –azken hau Esteban Elizondoren katedran–, Frantzian ganbera-musikan eta pianoan sakondu aurretik. Egun, Andoaingo (Gipuzkoa) Udal Musika Eskolako irakaslea eta Tolosako Musika Kaperako organista da.

Roberto Nuño Millán biolajolea, berriz, Donostiako eta Madrilgo goi-mailako kontserbatorioetan graduatua da, eta biola zein orkestra-zuzendaritza ikasketak Espainian, Frantzian eta Alemanian osatu ditu. Gaur egun Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko biola irakaslea da.

Igandeko emanaldi irekian, besteak beste, J.S. Bachen Arioso de la Cantata BWV 156 Luis Fracaren Recordando a BACH eta L. Arambururen Concierto en la menor entzun ahal izango dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide