Azaroaren 11ko greba orokorra

Zumaiako Mugimendu Feministak bat egin du asteazkeneko greba deialdiarekin

Maddi Txintxurreta

Etxebizitzak obretan. (Juan Luis Romatet)

Egiturak eraitsi, etxeak feminismotik eraiki! lelopean, etxebizitzaren auziari ikuspegi feministatik erantzuteko dei egin dute.

Etxebizitzaren larrialdiari erantzuteko eta espekulazioari aurre egiteko sindikatuek deitu duten greba orokorraren inguruko aldarri propioak plazaratu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta irakurketa horrekin bat egin du Zumaiako mugimenduak ere.

Azpimarratu dutenez, langile izateak soilik ez, emakume, sexu-genero disidente edota migratu eta arrazializatu izateak pobretze bikoitza dakar; izan ere, salatu dute lan banaketa sexual zein kolonialak eta pobreziaren feminizazioak eta arrazializazioak etxebizitza eskuratzeko oztopo handiagoak eragiten dituztela.

Testuinguru horretan, ohartarazi dute indarkeria matxista pairatzen duten emakume askorentzat etxea bera indarkeria bikoitza jasateko leku bihurtzen dela, horregatik, horrelakorik ez gertatzeko babes baliabideak eskatu dituzte.

Bestalde, alokairuen merkatuan etxejabeek maizterrak hautatzeko erabiltzen dituzten irizpide arrazistak eta diskriminatzaileak gaitzetsi dituzte, eta familia zisheterosexualak zein herentzia kapitalistak betikotzen dituzten jabetza ereduak kritikatu, etxejabe nagusiak gizonak, zuriak eta burgesak direla nabarmenduz.

Horregatik guztiagatik, asteazkenean, azaroak 11, kalera ateratzeko eta mobilizazioetan zapalkuntza guztiak seinalatzeko deia zabaldu dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide