Astindu dantza elkarteak logotipoa berritu nahi du, eta horretarako, lehiaketa abiatu du. Edonork parte har dezake, hau da, egileak ez dauka zertan zumaiarra izan, eta irabazleak 300 euroko erosketa-txartelak jasoko ditu, Zumaiako Gertu elkarteko saltokietan erabiltzeko. Proposamenak abenduaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dira, mezua eta irudia bidalita astindu.zde@gmail.com helbide elektronikora. Posta elektroniko horretan parte hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako datuak adierazi beharko dira.
Logotipoak Astinduren izaera islatu beharko duela azpimarratu dute, hau da, "elkartearen izaera anitza, herrikoia eta parte hartzailea transmititu behar du.
Bete beharreko baldintzak, berriz, honakoak dira: batetik, logotipoaren proposamena koloretan eta tinta bakarrean aurkeztu beharko da, diseinuaren kontzeptua eta erabilitako elementuak azaltzen dituen txosten labur bat ere erantsiko da, eta proposamenak formatu bektorialeko fitxategia ere izan beharko du (SVG, PDF bektoriala, AI edo antzekoa); bestetik, lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute eta ez dira onartuko hirugarrenen eskubideak urratzen dituzten proposamenak, ezta adimen artifizialaren bidez sortutako lanak ere; azkenik, elkarteak jakianrazi du irabazleak logotipoaren ustiapen eskubideak Astindu elkarteari emango dizkiola, esklusiboki eta legez baimendutako baldintzetan, elkartearen helburuetarako erabili, erreproduzitu, banatu, jendaurrean komunikatu eta egokitu ahal izan dezan, edozein euskarri edo bitartekotan, lurralde- edo denbora-mugarik gabe. Irabazleak bermatu beharko du lana originala dela eta eskubide horiek emateko beharrezko eskubideak dituela.
