'Bidutzi' antzerkia aurkeztuko dute bihar Zumaian

Maddi Txintxurreta

'Bidutzi' antzezlaneko pertsonaiak. (Benetan Be konpainia)

Hiru urtetik gorako haurrei nahiz familiei zuzendutako ikuskizuna da. Sarrerak eskuragarri daude oraindik, sarrerakzumaia.eus webgunean.

Familia osoari zuzendutako antzerki emanaldia aurkeztuko dute bihar Zumaian. Benetan Be konpainiak bere bosgarren eta azken sorkuntza ekarriko du Aita Mari Antzokira: Bidutzi, hiru urtetik gorako haurrei zein familiei bideratutako umorezko antzerkia.

Umoreaz gain, zuzeneko musika eta txotxongiloak uztartzen ditu Benetan Be taldearen euskarazko sorkuntzak. Istorioa inauterietako gau magiko batean kokatzen da. Gau horretan, Bidutzi munstro txikiak norbait ikaratu beharko du gaueko hamabiak jo baino lehen; bidean, ordea, Eureka Doktorea izango du atzetik, zeinak munstroa harrapatu eta aztertu nahi duen. Zorionez, Bidutzik Ainararen laguntza izango du, eta elkarrekin beldurrei aurre egitea lortuko dute.

12:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera oraindik eskuratu ez dutenek sarrerakzumaia.eus webgunera jo dezakete, eta bertatik erosi.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide