Azaroaren 25a

Indarkerien prebentzioa, ziberindarkeria eta izu sexuala izango dituzte aztergai Emakumeon Etxean

Maddi Txintxurreta

Sheila Melcon, Emakumeon Etxeak antolatutako zikloan parte hartuko duen hizlarietako bat. (Utzitakoa)

Hiru hitzaldi eta antzerki emanaldi bat antolatu dituzte datozen asteetarako, indarkeria matxistaren askotariko ertzak lantzeko helburuarekin.

Azaroaren 25aren karietara, Zumaiako Emakumeon Etxean indarkeria matxistaren aurkako eta erresistentzia feministen inguruko hainbat hitzordu izango dira datozen asteetan. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira, eta lehen mailako adituek gidatuko dituzte.

Lehen saioa datorren ostiralean izango da, azaroaren 13an; bertan, Descodificar la misoginia: estrategias para la detección y prevención de las violencias machistas izeneko hitzaldia eskainiko du Carmen Ruiz Repullok, indarkeria matxisten detekzioa eta prebentzioa lantzeko helburuz. Zehazki, misoginia deszifratzea eta indarkeria matxistak garaiz detektatzeko zein prebenitzeko estrategiak aztertzea izango da lehenengo saioaren ardatza.

Ondoren, azaroaren 24an, espazio birtualeko indarkeriak aztertuko dituzte Klik baten atzean: manosfera, ziberindarkeria, prebentziorako tresnak eta erresistentzia feministak solasaldian. Sheila Melconek ingurune digitaleko fenomenoak jarriko ditu mahai gainean; besteak beste, manosfera deritzona, ziberespazioan ematen diren indarkeria matxistak, horiek saihesteko prebentzio-tresnak eta sarean artikulatzen diren erresistentzia feministak.

Azaroaren 26an Nerea Barjolaren txanda izango da. Libertad sexual, consentimiento, feminismo. La política del terror sexual: narrativas y transgresiones feministas hitzaldia eskainiko du hark, eta sexu askatasuna, baimena, beldur sexualaren politikak eta narratiba feministak aztertuko ditu.

Amaitzeko, antzerkia

Kulturaren eta artearen bitartez itxiko du Emakumeon Etxeak Azaroaren 25aren bueltan prestatutako egitaraua: Helenas antzezlana taularatuko dute abenduaren 10ean. Bea Insaren lan horrek Troiako Helenaren mitoa deseraikitzen du, gizarte patriarkalak estigmatizatutako eta errudun bilakatutako hainbat emakumeren bizipenetara hurbiltzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide