Azaroaren 19an urtebete beteko du San Juan egoitzako langileek lantaldea handitzeko helburuz abiatu zuten greba mugagabeak, eta egoiliarrak egoerarekin gogaituta daude, lan gatazkak haien bizi kalitatean eta arretan eragiten baitu. Zumaiako erresidentziako bost egoiliarrek –Maria Antolin Guerrero (Merida, Espainia, 1932), Crestencia Martin (Raxo, Galizia, 1941), Rafael Alkorta (Zumaia, 1931), Juana Iparragirre (Aizarna, 1937) eta Maribi Unanue (Itziar, Gipuzkoa, 1946)– esan dutenez, bakoitzak bere erara sufritzen ditu lanuztearen eraginak, baina guztiek bat egin dute arazoaren oinarria identifikatzerakoan: langile gutxiegi daude.
San Juaneko egoiliarren bizimodua nabarmen aldatu da azken urtean, eta barrenak husteko beharra daukatela antzematen da. Sukaldeko zerbitzuaren okertzea da gehien haserretzen dituen gauzetako bat. "Lehen, bina plater izaten genituen aukeran lehenengorako eta bigarrengorako. Greba hasi zen, eta hori guztia kendu zuten", egin dute protesta. Ez daude konforme jatekoaren kalitatearekin. "Presaka ibiltzeagatik, arroz zuria egosi eta gainetik potoko tomate frijitu hotza botatzen diote", eta "makarroiek masa bat ematen dute, hemengo batzuk ez dira hori irensteko gai", diote, kexu. Eta kezkatuta daude, langileak ez direlako iristen "beharrezko zerbitzua ematera". "Otorduero, ahora jaten eman behar diete zortzi bat pertsonari. Korrika ibiltzen dira, baina zerbitzua ez da iristen. Batekin hasterako bestearengana joan behar dira, lehenengoa ahoa zabalik utzita. Askotan, egoiliarrak aritzen gara jaten ematen laguntzen", kontatu du Alkortak.
Diotenez, egoitza osoaren egoera da "penagarria", ez sukaldekoa bakarrik. Oheak egin gabe utzi behar izaten dituzte langileek, garbiketa nahi bezain ondo egitera ez dira iristen, eta kezkatuta daude egoiliarrak. "Neska bakarrak ezin du leku guztietan egon. Askotan egon behar izan dut 23:00ak arte ohera sartzeko zain, edo komunetik altxatzen laguntzeko zain, nik bakarrik ezin dut eta. Erortzen banaiz, nork altxatuko nau?", galdetu du gurpildun aulkian den Martinek. Alkortak aitortu du, halaber, egoitzakideek sufritu behar dutenarekin dagoela penatuta: "Gurpildun aulkian daudenak, ibiltzeko gaitasunik ez dutenak, daude okerren. Behin, ez dakit zergatik, 22:00etan altxatu nintzen ohetik, eta norbait negarrez entzun nuen egongelan. Hara joan nintzenean, ikusi nuen hamar pertsona zeudela ohera sartzeko zain. Gau hartan ez nuen lorik egin, min handia ematen du jendea horrela ikusteak".
Kexa bakoitzaren atzetik errepikatzen dute bost egoiliarrek San Juanen "langile falta" dagoela: "Ez dago langile nahikoa, eta daudenak erreta daude, ez daukatelako lanak ganoraz betetzeko denborarik, ez direlako iristen". Horren ondorioak egoiliarrek ordaintzen dituzte, zentzu guztietan: "Hilean 2.500 euro ordaintzen ditut, eta begira zer jasotzen dudan trukean!".
Aldundiari deia
Zumaiako nahiz Gipuzkoako beste zazpi egoitzatako beharginak greban dira prekarietatea eta soldata arrakala ezabatuko dituen sektoreko hitzarmen berri bat eskatzeko. San Juanen, zehazki, hilaren 19an urtebete egingo dute langile gehiago behar direla aldarrikatzeko borrokan. Alta, sarritan salatu dutenez, aldundiak eta patronalak haien eskaerei entzungor egin diete behin eta berriz. Sektoreko hitzarmena berritzeko mahai negoziatzailea 2025eko urtarrilean jarri zuten martxan, baina patronalak ez du proposamenik aurkeztu. Mahai horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu dezan eskatzen dute langileek, baina foru erakundeak dio beharginek patronalarekin negoziatu behar dituztela beraien eskaerak. Horrela, negoziazio mahaia blokeatuta dago, eta egoilarrek salatu dutenez, beraiek pairatzen dituzte lan gatazkaren ondorio zuzenak.
Hala ere, Guerrerok, Martinek, Alkortak, Iparragirrek eta Unanuek nabarmendu dute langileek ez dutela egoiliarrak jasaten ari diren egoeraren errua; areago, ziurtatu dute "ahal duten guztia" egiten dutela San Juaneko egoiliarrak ondo zaintzeko. Horregatik, "hasieratik ulertu dugu greba egitea", adierazi du Alkortak. "Baina goikoek ezikusiarena egiten dute", gaitzetsi du Guerrerok. Berretsi dute ez daudela langileekin haserre, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin baizik, eta hark egoera konpondu zain egoteaz ere gogaitu dira. "Aldundiari esango genioke zerbait egin dezala. Urtebete daramagu horrela, nahikoa da!", diote.
Konponbidea zein den argi dute bost egoiliarrek. "Greban dauden neskak bueltan ekar ditzatela, eta langile gehiago jar ditzatela". Eta soluzioaren giltza aldundiak duela berretsi dute. "Jendea horrela ikusita sufritu egiten dugu. Beraz, langile nahikoa ez dagoen bitartean, oihuka jarraitu beharko dugu", ohartarazi dute.