Arritxu Iribarrek jasoko du Rikardo Arregi kazetaritza sarietako ohorezko mugarria, aitzindari izan delako euskarazko eta euskal prentsaren alorrean. Gaur jakinarazi du epaimahaiaren erabakia sariok antolatzen dituen Andoaingo Udalak. 40 urtez irratian lan egin ondoren erretiroa hartu zuen joan zen uztailean kazetari zumaiarrak, eta hain zuzen ere, egindako ibilbidea aitortuko diote azaroaren 20an Andoaingo Bastero antzokian egingo duten sari banaketa ekitaldian. Hain zuzen ere, Xabier Laka eskultoreak egindako oroigarria jasoko du egun horretan.
Kazetaritza eta komunikazio ataletako launa finalisten izenak bihar, asteazkenez, jakinaraziko ditu Andoaingo Udalak. Honako lagun hauek osatu dute Rikardo Arregi sarien aurtengo epaimahaia: Miren Berasategi (Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria), Eneko Bidegain (Mondragon Unibertsitateko ikerlaria eta idazlea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza (EHUko irakaslea eta ikerlaria), Marta Lasa (Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia) eta Arantza Aguado (Andoaingo Udaleko euskara teknikaria).