Gizatasuna eta zuzentasuna faxismoaren eta basakeriaren aurrean: Bonifacio Etxegarai

Arantxa Tapia eta Lide Amilibia

Bonifacio Etxegarai, Gernika bonbardatu osteko mezua irakurtzen. (Utzitakoa)

Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eta Lide Amilibia Zumaiako EAJ alderdiaren Uri Buru Batzarreko presidenteak Bonifacio Etxegarai euskaltzainaren omenez idatzitako gutuna da honakoa.

1937ko maiatzaren 4an, Alemaniako eta Italiako hegazkinek Gernika hondatu eta zortzi egunera, Bonifacio Etxegaraik irratiz hitz egin zuen: "(...) Apokalipsiaren piztia Gernikatik igaro da; hango jendea hil du, bertako etxeak, tenpluak eta lantokiak eraitsi ditu, lurrak suntsitu ditu. Gernikak duen gauzarik handienak, ordea, iraun badirau, eta hori galdu izan balitz ere, Gernikak bizirik jarraituko luke. Metrailak ezin du espiritua zauritu (...)".

58 urte zituen orduan, eta ongi bai ongi ezagutzen zuen herria, Gernikako udal epailea izan baitzen, nahiz eta mikrofonoen aurrean Eusko Ikaskuntzako kide gisa mintzatu. Gernikak zeukan esanahi unibertsalari buruz hitz egin zuen zumaiar ospetsuak, suntsitu aurretik herria nolakoa zen azaldu eta bizitzetan nahiz eraikinetan galdutako ondareaz aritu zen. Geroago, gertuko zuen gai bati heldu zion: Karmelo anaiaren liburutegi eta artxiboari, euskal kultura ikertzeari eskainitako bizitza osoaren emaitza.

Egun horretan bertan, Jesus Maria Leizaola Justizia sailburuak, Eusebio Arronategi Santa Maria parrokiako apaizak eta Jose Labauria herriko alkateak ere testigantza eman zuten mikrofonoaren aurrean.

2026ko urriaren 29an ehun urte bete dira 1926ean Bonifacio Etxegarai euskaltzain oso bihurtu zutenetik. Harrera ekitaldia beraren Zumaia maitean egin zuten, eta sarrerako hitzaldian euskal etxeen izenak aukeratu zituen euskaltzain berriak: "Euskal Erriko etxên izenak" Resurreccion Maria Azkuek proposatuta aukeratu zuten, Karmelo anaia aurreko urtean hil ondoren hutsik geratu zen 2. aulkia betetzeko.

1878ko ekainaren 5ean jaio zen Zumaian, azken Karlistaldia amaitu eta mendeetako euskal foru erakundeak manu militari indargabetu eta bi urtera, desagertzera kondenatua zirudien herrialde txiki batean.

Aita bi urte geroago hil zitzaion, eta anaia Karmelok, hamahiru urte zaharragoa zenak, aitaren eginkizuna hartu zuen beretzat. Karmelo Etxegarai garai hartako pertsona esanguratsua izan zen euskal kulturaren ingurumarian: Euskal Probintzietako Kronista izendatu zuten eta Euskal Historia, Literatura eta Filologia ikertu zituen. Karmelo Gipuzkoako Foru Aldundian artxibozain gisa lanean hasi zenean, bi anaiak Donostiara joan ziren. Bonifacio liburu eta paper-sorten artean hazi zen, anaia nagusiari lagunduz agiritegi eta liburutegietan dokumentuak arakatzen.

Zuzenbidea ikasi zuen El Escorialen, agustindarrek gobernatutako Maria Kristina Goi Ikasketetako Errege Ikastetxean, eta bertan lizentzia eskuratu ondotik, lanaldi judizial bikainari ekin zion: udal epailea izan zen Gernikan, eta idazkari judiziala Sevilla, Caceres eta Oviedoko lurralde auzitegietan. Geroago, Justizia Auzitegi Goreneko idazkariorde izatera iritsi zen, eta, azkenean, Arlo Kriminaleko Salako eta Arlo Zibileko saletako bateko idazkari.

Jarduera profesional horrekin batera, lan ikaragarri handia egin zuen euskal artxibo historiko eta juridikoak ikertzen. 1922an, Eusko Ikaskuntzako Zuzenbide saileko kide izendatu zuten; hurrengo urtean, La vida civil y mercantil de los vascos a través de sus instituciones jurídicas argitaratu zuen eta, bi urte geroago, Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco. Une horretatik aurrera, elkarrekin atzetik etorri ziren Historiari eta Zuzenbideari buruzko argitalpenak eta hitzaldiak. Joseba Agirreazkuenaga historialariak honela definitu du: euskal historiaren egilea, euskal erakundeen bitartez kontatua. Andres Urrutia legelariaren aburuz, gerora herria ondu zuen orearen prestatzaile nagusietakoa izan zen, Bonifacioren biloba Lazaro Echegaray soziologoak En busca de Vasconia (2021) liburuan jasotzen duenez.

Espainiako II. Errepublika aldarrikatu ondoren eman zen garai politiko berrian, Eusko Ikaskuntzak Euskal Estatuaren Estatutu Orokorraren aurreproiektua idazteko sortu zen batzordean parte hartzeko agindua eman zion. Etxegaraik euskal sistema judizialaren definizioan lan egin zuen, Lurralde Auzitegi bat proposatuz Bilbon Araba eta Bizkairako, beste bat Iruñean Gipuzkoa eta Nafarroarako eta gainera, Euskal Herriko Auzitegi Gorena ere definitu zuen. Udalerrien Lizarrako Biltzarra, aurreproiektu horretan oinarritu zen Lizarrako Estatutua deitu zena onartzeko, baina 1931ko abenduko Konstituzioak bideraezin bihurtu zuen. Geroago, Eusko Ikaskuntzaren eskariz berriro ere, estatutu berri baten idazketan parte hartu zuen, baina ez zen aurrera atera.

1936ko uztaileko altxamendu militarrak Donostian harrapatu zuen Bonifacio Etxegarai, Eusko Ikaskuntzak urtero bertan egiten zituen udako ikastaroetan. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aurrean aurkeztu bere burua, legezko gobernu errepublikarraren aginduetara jartzeko. Madrilen, Jesus Galindezek idatzitakoaren arabera, bere liburutegia eta beste batzuk gorde ziren, hiriburuan zeuden euskal artxibo eta liburutegiak babesteko helburuz antolatu zen ekintza batean.

Etxegarai Bilbora joan zen eta han euskal justizia berrantolatu zuen: egoera berriaren aurrean, epaile, fiskal eta idazkarien egoera aztertu zuen, eta ordezkoak izendatu zituen Errepublikaren legezkotasunaren alde agertu ez zirenentzat.

1936ko urriaren 7an, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zen Gernikan, Jose Antonio Agirre buru zela. Jesus Maria Leizaolak hartu zuen Justizia eta Kultura Saila, eta Aholku Batzorde Juridikoa sortu zuen Jaurlaritzaren legegintza-ekintza gainbegiratzeko. Leizaolak zuzentzen zuen, bai, baina Bonifacio Etxegarairen esku utzi zuen gidaritza.

Matxinatuek indarkeria eta izua erabili ziztuten arma eraginkortzat. Penintsulako iparraldeko buru eta antolatzaile nagusi Emilio Mola jeneralak altxamenduaren hasieran esan zuen "izua zabaldu behar da (...) nagusitasun-sentsazioa gailendu behar da, guk bezala pentsatzen ez duten guztiak eskrupulurik eta zalantzarik gabe desagerraraziz". Eta hurrengo urtean, Bizkaia okupatzeko erasoaldiaren hasieran, mehatxu hau egin zuen: "Errendizioa berehalakoa ez bada, Bizkaia muinetaraino suntsituko dut, gerra-industrietatik hasita. Eta horretarako baliabideak baditut".

Zoritxarrez, egia zen nahi beste txikitzeko baliabideak bazituela. Airez soilik, frankistek ehunka bonbardaketa egin zituzten, eta milaka hildako eragin zituzten populazio zibilaren artean, eta herri bat oso-osorik birrindu zuten: Gernika.

Gezurrak etorri ziren bonben atzetik. Matxinatuek ukatu egin zuten Bizkaiko herria suntsitu izana, eta Jose Antonio Agirrek berak agindutako sute baten ondorioz erre zela zabaldu zuten. Propaganda horri aurre egiteko, gertatutakoaren fede eman zezaketenengana jo zuen Eusko Jaurlaritzak. Horregatik hitz egin zuten maiatzaren 4an Gernikako alkateak, apaizak, sailburuak eta legelariak.

Saio hartatik bi hilabetera, piztia euskal lurralde guztiaz jabetu zen. Bonifacio Etxegarai erbestera joan zen eta 1943ra arte ez zen itzuli.

Epaitu eta espedientea zabaldu ondoren, azkenean ez zioten zigorrik ezarri.

Harrigarria gerta dakiguke Gernikako bonbardaketa salatu zuena zigortu ez izana herria suntsitu zutenek. Esaterako, Juana Mirrek, atxikipen politikorik gabeko La Tarde egunkari independenteko kazetariak, Durangoko eta Gernikako bonbardaketen aurka idatzi zuen. Gerra-kontseilu batek kondenatu zuen eta Derioko hilerrian fusilatu zuten 1937ko abuztuan. Azalpena ez datza errukian, Francoren diktaduraren ezaugarri nagusietako bat errukirik eza izan baitzen. Nolanahi ere, erregimen faxistak, garaipen militarraren ondoren, ospe handiko pertsonak behar zituen indarrez harrapatutako mugen barruan eta kanpoan finkatzeko helburuz. Etxegarai, orduan zeukan adina eta familiako ardurak kontutan hartuta, helburu hori betetzeko ‘sari’ moduan erabil zezaketen, bere "errendizioa" justifikatu ahal izateko abantaila eta guzti: legelari gipuzkoarra ezin zen marxistatzat edo separatistatzat etiketatu.

Horrela, gaizki baino gaizkiago amaitu zen Bonifacio Etxegarairen historia, bere ibilbide profesional eta intelektuala —bai eta XX. mendearen lehen herenean, Euskal Pizkundea izenez ezagutu zenaren alde lan egin zuen belaunaldi osoarena— errotik ebaki zuen erregimenaren zerbitzura geratu zelarik. Durangon hil zen 1956an.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide