Otsailean abiatu zuten Euskararen Mahaia, herriko euskara planari jarraipena eta bultzada emateko asmoz. Lehenengo bilerak erantzun zabala izan ondoren, bigarren bilera azaroaren 2an, astelehena, egingo dute, 18:00etan hasita, udaletxeko pleno aretoan.
Lehenbiziko saioan gizarteko alor ugaritako kideak elkartu ziren: kirol eta kultur elkarteak, udaleko ordezkariak, UEMAko teknikaria, euskaltegiko arduraduna, Larraina elkartea, ikastetxeak eta gazte taldeak, besteak beste.
Antolatzaileek azpimarratu dute deialdia irekia dela eta edozein herritarrek parte har dezakeela asteleheneko bileran.
Topaketan hiru gai nagusi aztertuko dituzte: egoera soziolinguistikoa, UEMAren lurralde estrategia eta Esnatu dinamika, Euskararen Asterako egitaraua, eta 2026ko proiektu batzuen berri ematea. Bilerara bertaratu nahi duten herritar zein eragileei euskaraz@zumaia.eus helbidera mezua idaztea eskatu diete, antolaketa lanak errazteko.