Arranoaitzera irteera eta batzar orokorra egingo ditu Indamendik

Maddi Txintxurreta

Arranoaitz tontorra. (Mendikat)

Zumaiako mendi bazkunak bi hitzordu iragarri ditu datozen egunetarako: iganderako Gipuzkoako Arranoaitze tontorrera ibilaldia antolatu du, eta astelehenean urteroko batzar nagusia egingo du.

Azaroaren 8rako, igandea, Zegama eta Zerain arteko mendi ibilaldia antolatu du Indamendi mendi bazkunak. Ibilbide horrek 11 kilometroko luzera eta 700 metroko desnibel positiboa ditu.

Egun horretan, mendizaleek Elortxiki (865 m), Arranoaitz (875 m), Arripillaeta (864 m) eta Oamendi (862 m) tontorrak igoko dituzte. Parte-hartzaileei hamaiketakoa motxilan eramatea eta autobusa ez zikintzeko aldatzeko oinetakoak hartzea gomendatu die mendi bazkunak.

Autobusa goizeko 07:30ean aterako da Kantauri plazatik, eta Arroa Behean zein Arroako bidesarian geldialdia egiteko aukera egongo da, aurrez abisatuz gero. Txartelaren prezioa 10 eurokoa izango da bazkide helduentzat, 15 eurokoa bazkide ez direnentzat eta 5 eurokoa 18 urtetik beherako haurrentzat . Izen-ematea Indamendiren webgunearen bidez egin behar da.

Urteko batzarra

Biharamunean, azaroaren 9an, Indamendiren 2026ko Ohiko Batzar Orokorra egingo dute Oxford aretoan. Bilera 19:00etan hasiko da eta ordubeteko iraupena izango du.

Ordubete horretan hainbat gai aztertuko dituzte, hala nola 2025eko aktaren onarpena eta 2026ko datu nagusien aurkezpena; zehazki, federatu kopuruen, egindako bileren, datu ekonomikoen zein oinezkoen, umeen eta korrikalarien atalen egoera aztertuko dituzte. Horrez gain, mendiko eskiaren atal berria sortzea proposatuko dute, 2027ko egutegia aurkeztuko dute eta eskaera zein proposamenei tartea egingo zaie.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide