Erkiberen etorkizuna adosteko herri prozesuaren baitan, bi saio berri antolatu ditu Zumaiako Udalak asteazkenerako, hilak 28. Lehenengoa 15:00etan izango da, eta merkatariei zuzenduta egongo da. Bigarrena 18:30ean hasiko da, eta herritar guztiei irekia izango da. Moilaberri eraikinaren hirugarren solairuan izango dira bi saioak.
Proiektuaren etorkizuneko oinarriak eta funtzionamendua zehaztea da saio horien helburua. Besteak beste, elikadura burujabetzaren esanahia, proiektuaren misioa, lortu nahi dituzten helburuak, balioak, gobernantza eredua eta erabakiak hartzeko moduak aztertuko dituzte asteazkenean.
Antolaketa errazteko, saioetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Moilaberrin dagoen Turismo Bulegoan, 943 14 33 96 telefonora deituz edo turismoa@zumaia.eus helbidera mezu bat idatziz.