Aita Mariko zinemako emanaldiak ordu erdi aurreratuko dira gaurtik aurrera

Maddi Txintxurreta

Aita Mari aretoa, kanpotik.

Gaurtik aurrera, helduentzako saioak 19:00etan hasiko dira, eta haurrei zuzendutakoak 16:30ean. Gaurtik astelehenera bitartean Arriba Tutto filma emango dute Aita Marin.

Aita Mari aretoko zinema emanaldiek ordutegi berria izango dute gaurtik aurrera. Zehazki, emanaldien orduak ordu erdi aurreratzea erabaki dutela iragarri du Zumaiako Udalak. Hala, helduentzako saioak 19:00etan izango dira aurrerantzean, eta haurrentzakoak, berriz, 16:30ean.

Udalaren arabera, saioak ordu egokiagoan eskaintzeko helburuarekin egin dute aldaketa. 

'Arriba Tutto', 19:00etan

Hala, 19:00etan hasiko dira Aita Mari aretoan gaurtik astelehenera bitartean eskainiko duten pelikularen emanaldiak. Ordutegi berriarekin ikusi ahal izango den lehen filma Jose Mota zuzendari eta aktorearen Arriba Tutto izango da.

Arriba Tutto pelikulak Michi izeneko pertsonaiaren istorioa kontatzen du. Bere haurtzaro zoriontsua zakar eten zen 1905ean, bere aitaren heriotza bortitzaren ondorioz. Urteak igaro ahala, Michi gizon garratza eta bortitza bihurtu da. Nolanahi ere, agerraldi harrigarri batek eta Conchitarekin (bere haurtzaroko maitasunarekin) berriro elkartzeak aitak txikitan erakutsitako ikuspegi magikoa eta umorea berreskuratzen lagunduko dio, behinola neskatilari egindako maitasun promesa betetzeko abentura bati ekin ahal izateko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide