Telmo Irureta etxean ariko da ostiralean 'Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?' antzezlanarekin

Maddi Txintxurreta

'Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?' antzezlaneko hiru aktoreak, oholtzan. (Tanttaka Teatroa)

Tanttaka Teatroaren lan berria Aita Mari aretoan aurkeztuko dute ostiralean. Telmo Irureta zumaiarraz gain, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia aktoreak igoko dira oholtzara.

Telmo Irureta etxean ariko da ostiralean, Tanttaka Teatroaren Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana aurkeztuko baitute Aita Mari aretoan. 20:00etan izango da emanaldia, eta zumaiarraz gain, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia aktoreak izango dira oholtzan.

Mireia Gabilondok idatzi zein zuzendutako lan honetan, hiru aktoreek lau pertsonaia eta bi adimen artifizialen (Alexa eta Enmanuel) arteko harremanak gorpuzten dituzte: Jose Manuel garun-paralisia duen psikoterapeuta da; Lucia, berriz, depresio sakona duen emakumea, eta haren nortasun disoziatiboaren ondorioz Yoldi izeneko landare-zaintzaile gisa agertzen da. Horiez gain, Martina psikiatra agertzen da, bizitzak nekatutako emakume misantropoa.

Pertsonaia hauetako inork ez daki zer gertatzen zaien besteei, ezta zer sekretu gordetzen dituzten ere, baina elkar ezagutzea eta beren bideak gurutzatzea izango da beren bizitzetan gertatuko den gauzarik onena.

Emanaldirako sarrerak eskuragarri daude sarrerakzumaia.eus atarian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide