Alokairuen prezio altuen eta batez besteko soldata baxuen ekuazioan, gazteen emantzipazio proiektuak gertatzen dira galtzaile. Ernaik egindako galdeketa baten arabera, Zumaiako gazteen %97ak herrian bizi nahi du, baina etxebizitzaren prezioen ondorioz, emantzipatzea ezinezkoa da %55entzat, eta oso zaila %41entzat.
Zumaiako Ernai etxebizitzaren auzia lantzen ari da, eta norabide horretan, etxebizitza duina aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuen urriaren hasieran, eta larrialdi horrek gazteengan duen eragina zenbakitan neurtu du orain, herriko 16 eta 35 urte arteko 100 gazteri egindako galdeketa baten bidez (erantzun duten gehienek 16 eta 28 urte arteko adina dutela zehaztu du antolakundeak).
Antolakundeak ohartarazi duenez, galdetutako herritarren %64,9 gurasoekin bizi da, %16,9 alokairuan, %10,4 gurasoek ordaindutako alokairuan eta %7,8k etxebizitza propioa du. Emanzipatzeko arazo nagusien inguruan galdetuta, gazteek erantzun dute alokairuaren edo etxebizitzaren eroskerta prezioa dela kezka nagusia (%96), eta atzetik aipatu dituzte etxebizitza kopurua urria (%64) eta soldata baxuak (%53). "Gazteek, beraz, ez diete soilik etxebizitza garestiei aurre egin behar; diru sarrerek eta eskaintzak ere baldintzatzen dute emantzipatzeko aukera", zehaztu du Ernaik.
Datuek agerian uzten dute gazteek, batez beste, 25,7 urterekin emantzipatu nahiko luketela, baina uste dutela 29,6 urterekin lortuko dutela; horrela, emantzipatzeko adina ia lau urtez atzeratzen da. Bestalde, Etxebizitzen eskuragarritasuna 1etik 5era bitarteko eskalan baloratzeko eskatzean, galdetutakoen %61ek 1eko puntuazioa eman du, etxebizitza guztiz eskuraezina zaiela adieraziz.
Larunbatean, kanpaina berriaren aurkezpena
Egoera horren aurrean, Ernaik azpimarratu du etxebizitza oinarrizko eskubidea dela eta ez negozio bat, eta Euskal Herrian politika propioak garatzeko beharra nabarmendu du. Norabide horretan, datorren larunbatean Zumaiako ernaikideekin egingo duten elkargunean Urrats bat aurrera kanpaina aurkeztuko dutela iragarri du.
Ekimen horrek gazteen bizi baldintzak hobetzeko bederatzi aldarrikapen nagusi biltzen ditu, besteak beste, etxebizitza duina eta eskuragarria, euskaraz bizitzeko eskubidea, kalitatezko garraio publikoa, enplegu duina eta Euskal Herriarentzat burujabetza osoa .