Herritarren nahiz lurraldearen osasunaz hausnartzeko hitzaldi zikloa antolatu du Erkibek

Maddi Txintxurreta

Alondegia.

Herritarren osasunaren eta bizi diren ingurunearen arteko loturaz hausnartzeko hiru saio antolatu dituzte. Ostegunean izango da lehenengoa, 18:30ean, Alondegiko Oxford aretoan. 

Erkibe kultur taldeak gizartean interesa pizten duten gaiak jorratzeko hitzaldi sorta ondu du beste urte batez. Aurtengo zikloan, eguneroko erabakien eta lurraldearen arteko harremana izango dute hizpide; halaxe iragartzen du zikloarentzat aukeratu duten leloak: Gure osasuna lurraldearen osasuna da, eta lurraldearen osasuna gurea.

Gure erabakiak, gure lurraldea izenburupean antolatu dute zikloa, eta hainbat galderaren erantzunak bilatzen saiatuko dira: nola eragiten dute jateko, mugitzeko edo energia kontsumitzeko ohiturek pertsonen ongizatean, ingurumenean eta herrien etorkizunean? Zer egin daiteke osasuna eta ingurunea zaintzeko nahiz bizi kalitatea hobetzeko? Eta zer erantzukizun dugu etorkizuneko belaunaldiekiko?

Zikloa osatzen duten hiru hitzaldiak ostegunetan izango dira, 18:30ean, Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Etzi izango da lehenengo saioa, Gure platera: gure osasuna eta ingurumena mahai berean izenburua duena. Amaia Ariño Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioko zuzendari teknikoak gidatuko du saioa, eta elikadurak herritarren gorputzean, tokiko ekonomian, lurraldean eta kliman dituen eraginak aztertuko ditu.

Bigarren hitzaldia urriaren 29an egingo dute, eta Alexander Boto ingurumen ekonomialari eta plangintzan adituak honako galderari erantzungo dio: Nola egin dezakegu Zumaia bizigarriagoa? Hirigintzak, herri antolaketak zein ohiturek herritarren bizi kalitatean zein osasunean duten garrantziaz ariko da hizlaria.

Azkenik, azaroaren 5eko saioan, Arantxa Atxak, UNESCO Etxeko zuzendariak, Zer zor diogu etorkizunari? hitzaldia eskainiko du, gaur egungo erabakiek etorkizuneko belaunaldien bizitzan duten eraginaz, jasangarritasunaz eta belaunaldien arteko justiziaz hausnartzeko .

Erkibe kultur taldeak azpimarratu du ekimen honekin ez duela soilik arazoak identifikatzea bilatzen, areago, norbanakoaren nahiz taldearen erantzukizun partekatutik etorkizun hobea eraikitzeko bideak aztertzea du helburu. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu ditu Gure erabakiak, gure lurraldea zikloan parte hartzera eta elkarrekin etorkizunaz hausnartzera

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide