Garaipen eta porrot banarekin itzuli dira Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolariak joan den larunbatean, hilak 17, Bergarako (Gipuzkoa) frontoian egindako lehiaketatik. Elite mailan lehiatu ziren Unai Anakabe azpeitiarra zein Iñaki Lope.
Anakabek garaipena erdietsi zuen 68 kiloko kategorian, eta Lopek galdu egin zuen 70 kilokoan. Unai Anakabek borroka ikusgarria egin zuen. Aurkariak gogor egin bazion ere, Anakabek lehiaketaren erritmoa kontrolatu zuen. Bestalde, lan ona egin zuen Iñaki Lopek, baina ez zuen borrokaldia irabaztea lortu.
Zumaia Cuban Boxing taldeak zorionak eman dizkie bi kirolariei erakutsitako mailagatik, eta lanean jarraituko dutela berretsi du. Hain zuzen ere, klubeko ordezkariek begiz jota dute erronka: asteburuan Bizkaiako Open Txapelketa jokatuko dute Sestaon. Jared Chavarriak gazte mailako 60 kiloko kategorian parte hartuko du eta Jesus Magnevyk elite mailako 60 kilokoan.