Helene Alberdi garaile, Espainiako Distantzia Luzeko Triatloian

Julene Sorarrain

Helene Alberdi, gaur Matalascañasen jokatutako XVI. Andalucia Desafio Doñana proban. (Desafio Doñana)

Hiru diziplinetan gailenduta, zumaiarrak garaipen argia lortu du Matalascañasen (Huelva, Espainia) jokatutako XVI. Andalucia Desafio Doñana proban. 

Helene Alberdik urrezko domina eskuratu du gaur Matalascañasen (Huelva, Espainia) jokatutako XVI. Andalucia Desafio Doñana proban. Zumaiarrak nagusitasunez irabazi du elite mailako emakumezkoen kategorian, Espainiako Distantzia Luzeko Triatloiko txapelduna bilakatuz.

3.000 metroko igeriketa saioarekin ekin diote, eta Alberdi lehena izan proba burutzen, 1:02,03ko denbora eginda. Hain zuzen ere, lau minutuko aldera atera dio bigarren egin duen Ana Noguerari, eta lau minutu eta erdikoa, berriz, hirugarren izan den Georgina Canovasi.

Ondoren, 120 kilometroko txirrindularitza proba egin dute, haize gogorrak baldintzatuta. Zumaiarrak, ordea, erritmo sendoari eutsi dio, eta abantaila handitzen jarraitu du. Bigarren trantsiziora iristerako, bost minutuko aldea zuen jada atzetik zetozen lehiakideekiko.

Azken erronka Doñanako hondartza eta dunetan barrena egindako 30 kilometroko korrikaldia izan da. Alberdik 6:08,46ko marka eginda zeharkatu du helmuga. Horrela, garaipena eskuratzeaz gain, Espainiako txapelduna ere bilakatu da. Canovas izan da bigarren sailkatua, 6:17,37ko denborarekin, eta Noguera hirugarrena, 6:17,46ko markarekin. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide