Viviane Straub artistak Presa erakusketa inauguratu du gaur goizean, Alondegiko Oxford aretoan. Orotara 20 bat artelanek osatzen dute bilduma, eta azaroaren 1era arte egongo da ikusgai.
Erakusketak 2022tik gaur egun arte sortutako artelanak biltzen ditu, eta Strauben ibilbideko leku eta une ezberdinetatik iritsitako ibaiadarrak elkartzen dira bertan. Material birziklatuak eta inguruneko hondakinak erabilita, kontzientzia ekologikoa pizteko gonbidapena egiten du artistak.
Goizeko inaugurazio ekitaldian, gainera, bertaratutakoek erakusketan zuzenean parte hartzeko aukera izan dute. Estantuario parte hartze artistikoaren baitan, herritarrek, pitxarrak eskuan hartuta, ibaira jaitsi eta bertako urarekin bete dituzte; ondoren, erakusketan aurki daitekeen bidoia betetzeko. Esku hartzeak urak berak erakusketan duen garrantzia islatzeko balio izan du, eta aldi berean, Zumaiaren eta mostraren arteko harremana nabarmendu du.
Erakusketa, esan bezala, ikusgai egongo da azaroaren 1era arte, egunero, hurrengo ordutegian: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; eta asteburu eta jai egunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.