Jose Migel Egaña eta Fernando Balenziaga izan dituzte gogoan Itxas Gainen egunean

Julene Sorarrain

Lau urtean behin antolatzen den piraguisten topaketak gaur egungo kirolariak eta klubeko kide ohiak bildu ditu ibaian zein kalean. Gainera, aurreko edizioetan bezala, erramu bana utzi dute Jose Migel Egaña eta Fernando Balenziaga piraguisten oroigarrietan.

Itxas Gain klubak bere festa eguna ospatu du gaur goizean. Gaur egungo piraguistak nahiz garai batean klubarekin lotura izandako kide ohiak elkartu dira, kirolari ur gainean zein herriko kaleetan ikusgarritasuna emateko eta garai bateko kontuak berriz ere gogoratzeko.

Goizean goiz hasi dute festa. Egun berezi honetan, ohiko entrenamenduetan erabili ohi ez diren lau laguneko ontziak uretaratu dira, kide ugariri piraguan ibiltzeko aukera eskainiz. Uretako jardueraren ondoren, klubean sakonki erroitutako Jose Migel Egaña eta Fernando Balenziaga zirenak omendu dituzte. Hain zuzen ere, erramu bana utzi dute kirola egiten zendu ziren bi piraguisten oroigarrietan.

Omenaldiaren ostean, festa herrigunera lekualdatu da. Zalla tabernan hasita, kalejira eta txikiteoa egin dituzte kideek giro ezin hobean. Egunari amaiera emateko, 65 lagun inguru bildu dira Talaia tabernan bazkari herrikoian, elkarrekin bizipenak eta pasadizoak partekatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide