Hizkuntza komunitate gutxituen inguruko hitzaldia eskainiko dute asteartean Oxford aretoan

Julene Sorarrain

Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako parte hartzaileak eta arduradunak. (Garabide)

Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazioaren barruan, Txileko mapuzugun eta Boliviako ketxua hizkuntzen ordezkariek hitzaldia eskainiko dute hilaren 20an, Oxford aretoan. Garabide elkarteak antolatu du hitzordua, eta gaztelaniaz izango da.

Garabide Kultur Elkarteak antolatutako Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programaren barruan, hitzaldia eskainiko dute datorren asteartean, urriak 20, 18:30ean, Alondegiko Oxford aretoan. Bertan, munduko hizkuntza gutxituen biziberritzean diharduten bi aktibistek euren esperientziak partekatuko dituzte herritarrekin.

Saioan, hain justu, bi hizlarik hartuko dute parte: Lina del Rosario Ancan Txileko mapuzugun hiztunak eta Elutzman Zunagua Boliviako ketxua hiztunak. Hitzaldia gaztelaniaz izango da, eta sarrera doakoa da.

Hizkuntza gutxituen arteko lankidetza

Ekimen hori Garabideren urte osoko formazio programaren barruan kokatzen da. Programaren helburu nagusia munduko komunitate ezberdinetako ordezkariak hizkuntza gutxituak biziberritzeko estrategietan formatzea da. Era berean, bide ematen du euskaldunek euskararen biziberritze prozesuan metatutako ezagutzak eta esperientziak munduko beste hizkuntza komunitate batzuekin partekatzeko.

Formazio programak dimentsio berezia hartu du egunotan, 10 hizkuntza komunitatetako 11 hizkuntza aktibistak 6 asteko egonaldia egiten ari baitira Euskal Herrian, urriaren 29ra bitartean. Datorren astean zehar, Zumaian ez ezik, Euskal Herriko hainbat txokotan ere izango da euren herrialdeetako biziberritze prozesuak ezagutzeko eta hitzaldiez gozatzeko aukera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide