Erkibeko herri prozesuaren lehen fasean jasotako ekarpenak eta ateratako ondorioak aurkeztu zituzten asteazkenean, Zumaiako Udalak deitutako saio irekian. Udalak tokiko ekoizpena, elikadura burujabetza eta herriko ekonomia ardatz izango dituen proiektua garatu nahi du Erkiben; horrez gain, eraikin historikoa herritarren topagune eta komunitatearentzako erabilera anitzeko espazio bihurtzea planteatzen du.
Ideia horiei herritarrekin batera forma eman nahian, Erkiberen etorkizuna lantzeko herri prozesua jarri zuen abian udalak: galdetegi bat zabaldu zuen maiatzean, eta jasotako erantzunen ondorio nagusiak aurkeztu dituz orain.
Bost hipotesi nagusi
Galdetegiko erantzunen azterketatik bost hipotesi ondorioztatu dituzte. Lehenengoaren arabera, herritarrek Erkibe "aukera" gisa ikusten dute, ez "arazo" gisa. Eraikina baliabide "erabilgarritzat" jotzen dute, eta gehiengoak uste du hutsik dagoen espazio bati bizia eman dakiokeela. Horrek ez du esan nahi eraikinaren geroari buruzko ikuspegi bakarra dagoenik, baina herritarren gehiengoak eraikina aktibatzea "desiragarritzat" jotzen du.
Bigarren hipotesiak herriak zer behar duen aztertzen du. Erantzunek agerian utzi dute tokiko elikaduraren inguruko "adostasun zabala" dagoela, eta gehiengoarentzat garrantzitsua dela hori sustatuko duen espazio bat izatea. Era berean, lehen sektorea eta tokiko ekonomia indartzeko nahia azaldu dute, baita komunitatea sendotzekoa ere.
Hirugarren hipotesiak Erkiberen erabileren inguruko iruditeria anitza utzi du agerian. Zer izan liteke Erkibe? galdera abiapuntutzat hartuta, bozka gehien jaso dituzten proposamenak tokiko produktuen salmenta, azoka edo merkatu iraunkorra eta herriko ekoizleen bilgunea izan dira. Hala ere, herritarrek argi adierazi dute merkatua nahi dutela, baina ez merkatu hutsa. Izan ere, tokiko produktuak saltzeko gunea ez ezik, herriko dinamika sozialaren parte izango den espazioa ere irudikatzen dute.
Laugarren hipotesiak proiektuaren balioei erreparatzen die. Ez da garrantzitsua soilik zer egingo den, baita nola egingo den ere. Galdetegian bozka gehien jaso dituzten balioak tokikotasuna, jasangarritasuna eta ekonomia soziala izan dira, hain justu.
Bosgarrenak, berriz, herritarren baldintzak eta kezkak bildu ditu. Identifikatutako arriskuen artean, gobernantza eta espazioaren irekitasuna nabarmendu dituzte. Erabilgarritasuna ere kezka nagusietako bat da: herritarrek bizia izango duen espazioa nahi dute. Horrez gain, bideragarritasun ekonomikoa eta irisgarritasuna ere mahai gainean jarri dituzte.
Ikuspegiak partekatzen
Galdetegiaz gain, lau eztabaida talde ere osatu zituzten lehen fasean: herritarrekin, tokiko ekoizleekin, ostalariekin eta merkatariekin, eta udal ordezkariekin. Herritarren eztabaida taldean, elikadura "herriaren etorkizunarekin lotutako gai estrategikoa" dela ondorioztatu dute. Horrez gain, elikaduraren dimentsio sozialarekin lotuta, komunitatearen eta zaintzaren garrantzia ere nabarmendu dituzte.
Tokiko ekoizleen taldean, tokiko elikadura sistema indartzeko aukera argia ikusten dute, baina bertako produktuak erosteko kultura berraktibatzea "erronka handia" izango dela uste dute. Horretarako, pedagogia lana egitea eta komunitatea sortzea ezinbestekotzat jo dituzte, kontsumitzaile konprometituak erakartzeko eta tokiko produktuen inguruko ezagutza zabaltzeko. Ekoizpenaren etorkizuna ere izan dute hizpide. Nekazaritzan hasi nahi duten gazteak badaudela azaldu dute, baina merkaturatzeko aukerarik ez izatea oztopo nagusietako bat dela adierazi dute. Ekoizleen ustez, Erkiberen balioa ez litzateke bertan salduko den produktu kopuruan neurtuko, tokiko ekoizpena, kontsumoa eta komunitatea berriro lotzeko gaitasunean baizik.
Ostalarien eta merkatarien taldeak, berriz, "herria biziberritzeko aukera" ikusi du proiektuan. Zumaiako merkataritzak kontsumo ohituretan ezagutu dituen aldaketak kontuan hartuta, herrira jendea erakartzeko eta kaleei bizia emateko ekimenak positiboki baloratu dituzte. Hala ere, arrakastaren gakoa "elkarlana" izango dela ohartarazi dute. Talde horretan eredu komertziala izan da eztabaidagai nagusietako bat. Eguneroko salmenta izango duen establezimendu batek herrian dagoeneko dauden saltokiekin lehia zuzena sor dezakeela ohartarazi dute. Horregatik, proiektuaren helburua ezin dela denda berri bat irekitzea soilik izan nabarmendu dute; tokiko elikaduraren inguruko pedagogia lana ere egin beharko duela uste dute.
Azkenik, udal ordezkariekin egindako kontraste saioan, proiektuaren zentzuaren inguruko adostasuna "zabala" izan da, baina kokapena izan da eztabaidagai nagusia. Izan ere, batzuek zalantzak agertu dituzte eraikinaren egokitasunaren inguruan; beste batzuek, berriz, orain arte aztertutako aukeren artean egokiena dela defendatu dute.
Entzute fasetik ekintzara
Bada, entzute fasea amaituta, ekintza faseari ekingo diote orain. Hainbat lehentasun izango dituzte mahai gainean: proiektuaren ikuspegi partekatua definitzea, gobernantza eredua diseinatzea edota bideragarritasun ekonomikoa eta operatiboa aztertzea.
Horretarako, eraikuntza kolektiboko saio parte hartzaileak antolatuko dituzte. Urriaren 28an izango dira lehenengo biak, Moilaberrin: 15:00etan, merkatarien saioa egingo dute, eta 18:30ean, herritarrena. Saio horietan parte hartzeko izena eman behar da aurrez Turismo Bulegoan.