'Verity: la sombra de un engaño' filma emango dute gaurtik astelehenera Aita Marin

Maddi Txintxurreta

Michael Showalter zuzendariaren filma 19:30ean emango dute, gaurtik astelehenera bitartean. 

Michael Showalterrek zuzendutako Verity: la sombra de un engaño pelikula ikusi ahal izango da gaurtik astelehenera bitartean Aita Mari aretoan. 19:30ean izango dira emanaldiak, eta sarrerak aurrez eros daitezke sarrerakzumaia.eus helbidean, baita aretoan bertan ere, emanaldien aurretik. 

Honakoa da filmaren sinopsia: Lowen Ashleigh idazle fantasma gisa kontratatu zuen Jeremy Crawfordek bere emazte Verityren eleberriak idazteko. Idazle entzutetsua zen Verity, baina istripu bat izan ondoren idazteari utzi zion. Crawfordtarren etxean biziko da Lowen haientzako lan egin bitartean, baina zerbait arraroa sumatzen du Verityrengan.

Igandean, Muxin eta Zapotxin

Igandean ez da umeei zuzendutako zinema emanaldirik izango, Muxin eta Zapotxin pailazoak igoko baitira Aita Mariko oholtzara. Emanaldi bikoitza eskainiko dute, bata 12:00etan eta bestea 16:30ean, eta agortuta daude bietarako sarrerak.

Libe Yeregi zumaiarra sartuko da Muxinen azalean, eta Zapotxinekin eta Amona Mirentxurekin batera baserriko lanak eta animaliak ezagutuko ditu. Aurrez ere Zapotxin antzerki taldearekin aritua da Yeregi, Baratxuri zoparen sekretua ikuskizunean, hain zuzen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide