Erkiben ludoteka jarri behar dela esan du EAJk, eta "herritarrak nahastea" egotzi dio EH Bilduk

Maddi Txintxurreta

Erkibe eraikina.

Erkiberen etorkizuna herritarrekin batera marrazteko udala sustatzen ari den parte hartze prozesua "zuriketa" baino ez dela dio EAJk, udal gobernuak aurretik zehaztu duelako elikadura burujabetzako proiektu bat hartuko duela eraikin horrek. Eraikin horretan ludoteka jarri beharko litzatekeela defendatu dute jeltzaleek, baina hori ezinezkoa dela erantzun die EH Bilduk, eta egingarriak ez diren proposamenekin "herritarrak nahastea" egotzi die.

Erkibe eraikinaren etorkizuna ez dute berdin ikusten EH Bilduk eta EAJk. Udalean gobernatzen duen koalizioak tokiko ekoizpena, elikadura burujabetza eta herriko ekonomia ardatz izango dituen proiektu bat garatu nahi du eraikin horretan, eta egitasmo hori herritarrekin batera ari da lantzen, parte hartze prozesu ireki baten bitartez. Alta, parte hartze prozesu hori "zuriketa" baino ez dela nabarmendu du EAJk, koalizio abertzaleak herritarrei galdetu aurretik erabaki zuelako zer proiektu sustatuko zuen Erkiben, "herriarentzat estrategikoa den eraikin horrek izan ditzakeen erabilera desberdinen inguruko hausnarketa ireki beharrean".

EAJk gogora ekarri du udalak 2023an Erkibe tokiko produktuen merkatu bihurtzeko aurreproiektua landu zuela, baina egitasmoa gauzatzeko beharrezko finantzaketarik lortu ez zuenez, proiektua geldiarazi behar izan zuela. "Aurrekari horiek erakusten dute udal gobernuak 2023az geroztik eraikinari erabilera jakin bat emateko asmoa zuela, eta horrek zalantzak sortzen dizkigu orain planteatutako parte hartze prozesuaren benetako irismenaren inguruan", adierazi du talde politiko horrek.

Elikadura burujabetzari lotutako proiektua beste espazio batean –ez du zehaztu non– garatu beharko litzatekeela uste du EAJk, izan ere, Beheko plazako eraikinean ludoteka edo haurrek urte osoan zehar erabiltzeko gune estali bat egon beharko litzatekeela defendatu du. "Erkibek Zumaiako haur eta familientzat pentsatutako espazio bat sortzeko aukera eskaintzen du. Gure ustez, merezi du aukera horiek serio aztertzea, eraikinaren etorkizuna proiektu bakar baten inguruan behin betiko zehaztu aurretik", nabarmendu dute jeltzaleek.

EH Bilduk, bere aldetik, herritarren parte hartze prozesua errespeta dezala eskatu dio EAJri, eta "egingarriak ez diren ustezko proposamenekin herritarrak nahastea" leporatu dio. Izan ere, ziurtatu du Erkiben ezinezkoa dela ludoteka berri baten proiektua gauzatzea. "Eraikinak ez ditu gaur egungo ludoteka baino espazio handiagoa izango lukeen ludoteka berri baterako baldintzak betetzen. Ludoteka baten erabilerak legezko baldintza konkretuak eskatzen ditu, eta horiek bermatzeak Erkibeko behe solairua espazio nahikorik gabe utziko luke", azaldu du.

Koalizioak ohartarazi du bere garaian Torreberri eraikinean egin zuen "akats" berbera errepikatu nahi duela EAJk: "Torreberri eraberritu eta lanak amaitutakoan ohartu ziren han ezin zutela ludoteka baten erabilera bermatu. Orain Erkiberekin akats bera errepikatu nahi dutela dirudi".

Gogoratu du ludoteka berria Torreaga eraikinean aurreikusita dagoela, eta EAJk baduela horren berri. Horregatik, koalizioaren ustez, Erkiben ludoteka jartzearen gaia plazaratzeak erakusten "proposamen serio eta egingarrien falta" estaltzen saiatzen ari direla jeltzaleak.

Gaur bilera irekia

Erkiberen erabilerarekin lotutako parte hartze prozesuaren lehenengo fasea amaitu dute jada, eta orain arte jasotako ekarpenen berri emateko bilera irekia deitu du udalak gaurko, 18:30ean, Alondegiko Oxford aretoan. Udalak zumaiar guztiak gonbidatu ditu deialdira, "proiektua elkarlanean definitzen jarraitzera".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide