Euskal Kostaldeen Geoparkean ari dira egiten Europako Geoparkeen Sareak antolatzen dituen Geoparkeen Sareko XI. Jardunaldiak. Gaur, hain justu ere, Zumaian izan dira ondarearen, komunikazioaren, hezkuntzaren eta turismo jasangarriaren profesionalak, eta antolatzaileen esanetan, "interes handia" piztu du jardunaldiak.
Erakundeen irekiera ofizialarekin abiatu dute eguna, Aita Mari antzokian. Jardunaldian parte hartu dute Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Ainhize Azpiazu Mutriko alkate eta Geoparkeko presidenteak, Karmah Salman Munduko Geoparkeen Espainiako Sareko koordinatzaileak, Isabel Ortega Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako idazkari nagusiaren ondokoak, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak eta Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko zuzendariak. Halaber, UNESCOren Ekologia eta Lurraren Zientzien Dibisioko Lurraren eta Geoparkeen Zientzien Sektoreko buru Kristof Van den Bergehek ere aurrez grabatutako bideo baten bidez eman ditu azalpenak.
Irekiera ofizialaren ostean, Lurraren Historiaren irakurketa jarraitua egin dute bertaratu direnek; hau da, Espainiako Estatuko 18 geoparkeek denbora-lerro geologikoa osatu dute. Jarraian, mahai-ingurua egin dute, Lurraren historiaren dibulgazioa eta interpretazioa nola gauzatzen diren aztertuz. Mahai inguruak lau bloke izan ditu: lehenengoan, Panelak eta Geoibilbideak izan dituzte mintzagai; bigarrenean, bisita gidatuez aritu dira; hirugarrenean, interpretazio-zentroez hitz egin dute; eta, azkenik, interpretazio-materiala izango du hizpide. Bukatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkean Interpretazioari aplikatutako neuromarketing ikerketaren ondorioak azaldu dizkiete parte hartzaileei.
Aita Mariko hitzordua amaitzean, kalera atera dira ordezkariak, eta Zumaia ezagutu dute. Flyscha oinez eta itsasoz ezagutu dute eta, ondoren, euskara eta euskal kulturari buruzko bisita gidatua ere egin dute.
Bihar, landa irteerak egingo dituzte: bata, Debako Historiaurreko Bailaran (HAB); bestea, berriz, Mutrikuko erdigune historikoa zein bertako frontoia eta zesta punta jokoa ezagutzeko.
