Amets Aranberri eta Leire Urritegi nagusitu dira XVII. Flysch Trail lasterketan

Onintza Lete Arrieta

Aranberri zestoarrak hamar minutuko aldea atera dio Jokin Gijarro bigarren sailkatuari. Emakumezkoetan ere nagusi izan da Urritegi, lau minutuko tartea atera baitio bigarrenari. Lasterketa motzean Asier Medina eta Ania Hernandez izan dira garaileak. Eguraldi paregabearekin, 650 lasterkarik parte hartu dute aurreneko aldiz larunbatez jokatu den proban. 

Aurreko aldietan ez bezala, gaur eguna eguzkitsu esnatu da XVII. Flysch Trail lasterketa hartzeko. Dortsal guztiak agortuta, 650 lagunek egin dute korrika saioa; gehienek proba luzea aukeratu dute, alegia, 24 kilometroko ibilbide malkartsua. Zehazki, 400 lagunek egin dute hori. Gainerakoek, 14 kilometroko ibilbidea osatu dute. Bi datu azpimarragarri ere eman dituzte antolatzaileek; batetik, partaideen %45 emakumeak izan direla –iaz %17 izan ziren– eta bestetik, izena eman dutenen %43 zumaiarrak direla. 

Korrika saio luzea egin behar zutenak atera dira aurrena, 09:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazatik. Iaz Ruben Ruzafa Aizarnazabalgo bizilaguna eta Nerea Urteaga zumaiarra nagusitu ziren proban, baina aurten txapelak beste batzuek jantzi dituzte: Amets Aranberri zestoarrak eta Leire Urritegi oiartzuarrak. Gizonezkoen proban, Aranberrik goitik behera menperatu du lasterketa: 1.45.23 denboran gelditu du kronoa helmugan, eta hamar minutuko aldea atera dio bigarrenari, Jokin Gijarro zumaiarrari. 1.55.18 denbora egin du horrek. Bi minutu geroago helmugaratu da hirugarren gizonezkoa, Eñaut Urdanpilleta azpeitiarra, 1.57.20 denbora eginda. Aranberrik bi minutuan hobetu du iaz Ruzafak egindako denbora (1.49.59 egin zuen hark). 

Emakumeen lehian ere, antzekorakoa gertatu da. Garaipena Leire Urritegi oiartzuarrak eskuratu du 2.10.28 denbora eginda, eta bigarren postua Irene Iturria bidaniarrarentzat izan da, lau minutu pasara, 2.14.42 denbora eginda. Hirugarren, berriz, Amagoia Iribar oriotarrak egin du, 2.23.56 denborarekin. 

Proba motzean ere garaile berriak

Proba motza 10:00etan abiatu da toki beretik, eta hor ere txapelak beste buru batzuetara joan dira: gizonetan Asier Medina getariarra izan da bizkorrena 14 kilometroak 1.00.17 denboran osatuta, eta emakumeetan Ania Hernandez gasteiztarra gailendu da, 1.06.50 denborarekin. Zumaiarrentzat izan dira bigarren postuak, gizonetan Julen Alkorta gaztearentzat (1.01.55 denbora eginda, bera izan da 18 urtez azpikoetan garailea) eta emakumeetan Garazi Artolarentzat (1.09.17). Hirugarren postuak ere herrian eta inguruan gelditu dira, gizonetan Aimar Iraola getariarra heldu baita hirugarren (1.02.15) eta emakumeetan, Jule Olaizola zumairra (1.09.35).

Aurreneko aldiz jokatu da flysch traila larunbatez, orain arte beti igandeetan egin baita. Gaurkoan, gainera, eguraldiak ere lagundu du, eta korrikalari askok gozatua hartu dute ibilbidea burutzen, baita ikusleek ere, asko izan baitira aurten ere korrikalariak animatu dituztenak, izan mendi aldean nahiz herrigunean. 

Udal ordezkari bat baino gehiago animatu da lasterketa egitera –Zumaiako EH Bilduko eta Zarautzko PSE-EEko ordezkariak, esaterako–, eta proba hasiera emateko bozina ere politikari batek jo du, Azahara Dominguez Mugirkotasuneko diputatu sozialistak. Bestalde, zenbait korrikalarik aldarrikapenak egiteko ere aprobetxatu du helmuga unea; esaterako, Palestinaren aldeko zapia janzteko, edo Etxape ez desalojatzeko eskatzeko. 

Alde negatiboren bat aipatzearren, korrikalari bat baino gehiago sartu da helmugan ahituta, eta osasun langileek artatu behar izan dituzte.

(Argazkiak: Flysch Trail, Kristina Fernandez, Gorka Zabaleta eta Onintza Lete Arrieta).

Sailkapenak eta argazkiak

Sailkapen guztiak esteka honetan ikus daitezke. 

Probako argazki guztiak, berriz, esteka honetan daude ikusgai. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide