Aitor Tena: "Etxapek inoiz baino bizitza gehiago dauka eta beharrezkoa du bizirik segitzea"

Maddi Txintxurreta

Aitor Tena, Mugimendu Sozialistako kidea. (Utzitakoa)

Etxape Zentro Sozialista kokatzen den eraikinaren jabeek Mugimendu Sozialistak (MS) 2021ean okupatu zuen espazioa hustu eta hango proiektu politikoa geldiarazi nahi dute. Mehatxuen kontra eta Etxaperen defentsan kaleak hartzeko deia egin du MSk ostiralerako. 19:00etan abiatuko da manifestazioa Beheko Plazatik.

Noiz eta nola izan zenuten Etxape Zentro Sozialistaren huste arriskuaren berri?

Duela ia urtebete lokalaren aurreko jabeak, Eroskik, esan zigun gurekin elkartu nahi zuela; lokala tasatu nahi zuen, lokala erosteko eta eraikinean etxebizitzak egiteko asmoa zuten promotoreak azaldu zirelako. Orduan izan genuen promotoreen asmoen berri, eta abenduan, lehenengoz, Etxaperen jarraitutasuna kolokan egon zen, kontratua bukatzen zitzaigulako. Kontratuaren luzapena sinatzea eta ekainera arte bertan jarraitzeko bermea lortu genituen. Denbora horretan, ordea, lokalaren salerosketa gauzatu zuten, eta espazioa utzi behar genuela esan ziguten jabe berriek, etxeak egiten hasi nahi zutelako.

Maiatzean iragarri genuen Etxape arriskuan dagoela, baina orduan esan genuen bezala, gure ustez, ez da posible lokala utzaraztea eta etxeak egitea. Ordenantzak agintzen du lokal batean etxebizitzak egin daitezkeela baldin eta hutsik eta jarduerarik gabe badago, eta Etxape aktibo dago, ez dago hutsik.

Saiatu al zarete jabe berriekin negoziatzen?

Bai, izan ditugu negoziaketak, baina luzapen txikiak besterik ez dizkigute eskaini; lokala utzi behar dugula esan digute aldiro. 

Administrazioak Etxapeko jarduera ekonomikoa erregistratzea lortu duzue. Zer esan nahi du horrek?

Herritar guztiek dakite Etxape ez dagoela hutsik, inoiz baino biziago dagoela; hala ere, hamar bat egunetan amaituko zaigu kontratua, eta ikusita husteko arriskua benetakoa dela, Etxabeko jarduera formalki erregistratzea erabaki genuen. Modu horretara, bost urte pasatu behar dira jarduera amaitzen den momentutik etxeak egiten hasi ahal izateko, beraz, berme hori lortu dugu: bost urte igaro arte promotoreek ezingo dituzte lanak hasi.

"Ustez izaera soziala duten promotore hauek isunak erabili nahi dituzte gu mehatxatzeko eta lokaletik botatzeko"

Orain negoziaketa berri bat ireki nahiko genuke promotoreekin, adosteko datozen bost urteetan zer egin dezakegun eta zer nolakoa izango den espazioaren erabilera. Ez duguna onartuko da lokala bost urtez hutsik izatea eta Etxapen doan eskaintzen ditugun jarduera guztiak aterperik gabe gelditzea, gero han etxebizitzak egiteko. 

Bi asteko epea eman dizuete espazioa uzteko, eta hori egin ezean, zigor ekonomikoekin mehatxu egin dizuete. Zer jarrera hartuko duzue horren aurrean?

Promotoreek beraien alde erabili nahi duten arma da zigor ekonomikoa. Kontratuan sartu dituzten neurrigabeko klausulen bitartez, behartzen gaituzte kontratua amaitzen den momentutik Etxapen igaroko dugun egun bakoitzeko 300 euro ordaintzera; hau da, 9.000 euro hilabetean eta 110.000 euro urtean. Isun itogarriak dira, gurea bezalako mugimendu batek ezin du horrelakorik ordaindu. Ustez izaera soziala duten promotore hauek isunak erabili nahi dituzte gu mehatxatzeko eta lokaletik botatzeko. Horren aurrean exijitzen duguna da negoziazio bat zabaltzea eta hitz egiteko borondatea erakustea, horrelako neurri hertsatzaileak alde batera utzita.

Ba al dago hustea saihesteko modurik gaur-gaurkoz?

Iruditzen zaigu jardueraren erregistroarekin baldintzak aldatu direla. Gutxienez bost urte geldirik egon beharko dute, eta denbora horrek bi aldeen artean adostasun batera iristeko aukera zabaltzen du. 

Lau urte dira Mugimendu Sozialistako kideok Etxape okupatu zenutenetik, eta hainbat jarduera egin dituzue bertan geroztik. Zer galduko luke Zumaiak espazioa hustea lortuko balute?

Guk, beste hainbat eragilerekin eta elkarteekin batera, ekarpen xume bat egiten diogu herriari. Krisiak gogorren kolpatzen dituen gizarte sektore horien eskura hainbat baliabide jartzen ditugu; adibidez, errefortzu eskolak, gimnasioa, lanaren eta etxebizitzaren arloko aholkularitza... Horrez gain, antolatzeko, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta formatzeko espazio bat da Etxape, herritar guztiei irekita dagoena. Hori guztia galduko luke Zumaiak. 

Zer helburu lortu nahi duzue ostiraleko manifestazioarekin?

Manifestazioaren bitartez mezu argi bat helaraziko diegu promotoreei: ez dugu horrelako mehatxurik onartuko, ezta lokalarekin espekulatzerik ere. Erakutsi nahi dugu Etxapen herriko hainbat sektorekin lanean aritu garela lanean, komunitate bat osatu dugula; ostiraleko mobilizazioa horren isla izan dadin nahi dugu. Etxapek inoiz baino bizitza gehiago dauka eta beharrezkoa du bizirik segitzea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide