Herritar guztiei eragiten dien auzia kalera aterako dute

Maddi Txintxurreta

Bollain, Arranz, Santamaria eta Cardenal, San Juan egoitzaren patioan. (Maddi Txintxurreta)

Zumaiako San Juan egoitzako langileek iazko azaroan hasi zuten greba mugagabea, eta manifestazioa deitu dute gaur arratsalderako.

Zumaiako San Juan adinekoen egoitzan bizi duten "egoera sostengaezina" iraultzeko helburuz, langileek greba mugagabea abiatu zuten iazko azaroan. Bihar 320 egun beteko ditu beharginen borrokak, eta gaurkoan, haien aldarrikapenak herriko kaleetan zabalduko dituzte, 18:00etan Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta egingo duten manifestazioarekin. Herritarrei protestan parte hartzeko deia luzatu diete grebalariek, San Juan egoitzakoa "guztion borroka" delakoan.

Patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenik ez dute jaso lan gatazka konpontzeko, eta mahai negoziatzailea blokeatuta dago. Hala ere, grebari eusteko borondatea dute langileek, horien artean Juncal Santamaria, Maider Bollain eta Sonia Cardenal erizaintzako laguntzaileek; eta Arritxu Arranzek, ELAren alor soziosanitarioaren Urola Kostako arduradunak. Ia urtebetez grebari eustea "gogorra eta neketsua" den arren, San Juaneko langileek ziurtatu dute egoitzako egoera sostengaezina dela: "Ezin dugu horrela jarraitu".

Ez dago langile nahikoa egoiliarrak dituzten beharrei erantzuteko. Horixe da egoitzan bizi duten arazo nagusia, eta langileei ez ezik, egoiliarren bizi kalitateari ere eragiten dio, ziurtatu dutenez. "Ez gara iristen gutxieneko lanak egitera. Bakoitzak zortzi pertsona inguru ditugu gure kargu. 07:30ean hasi behar dugu dutxekin, goizegi da jendea esnatzeko, baina bestela ez da inor iristen gosaritara. Korrika ibili behar dugu, eta ez genuke hori egin behar, greba antzemateko ez baita eraginkorra. Baina zer egingo dugu, bada, barrenetik ateratzen bazaigu lan guztiak egiten saiatzea? Korrika ibiltzean, gainera, ezinezkoa da lanak ondo egitea, eta guri gustatzen zaigu egoiliarrak ondo artatzea. Baina bat ondo artatu nahi baduzu, beste bat zain utzi behar duzu, non eta ohean. Horrela ez dago lan egiterik, hobekuntza bat ikusi nahi dugu", kontatu du Santamariak.

Bestalde, ohartarazi dute gaur egun egoitzan hartzen dituzten herritarrek autonomia gutxi dutela garai batekoen aldean, eta lan karga biderkatzen duela horrek. "Ez da gauza bera oinez ibil daitekeen norbaiti etortzeko eskatzea, eta aulkian daudenak hara eta hona mugitzea. Eta, gaur egun, oso gutxi dira autonomoak, etortzen diren gehienek denean laguntzea behar dute", agertu dute.

Negoziazioa, blokeatuta

San Juan egoitzan bizi duten egoera ez da salbuespena, aitzitik, "zaintza sistema osoa dago kolokan", ohartarazi dutenez. Horregatik, Zumaiakoan bakarrik ez, Gipuzkoan beste zazpi egoitzatan ere greban dira. ELAren babesarekin, indarrak batu dituzte guztiek, patronalari eskatzeko, batetik, sektorean ohikoak diren kontratu partzialak lanaldi osoko bihur ditzala; eta, bestetik, langile publikoen eta azpikontratatuen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko, urtean 10.000 eurotik gorakoa baita hori. Partzialtasunarekin bukatzeak itogarriak zaizkien ratioak hobetzeko eta lan kargak arintzeko pauso garrantzitsua ekarriko lukeela uste dute beharginek, horregatik eskatzen dute neurri hori sektoreko hitzarmen berri batean jasota geratzea. Hala ere, kontratu partzialak osatzeaz gain, San Juanen "langile gehiago" behar direla ziurtatu dute. 

Bizi duten egoeraren larritasuna aintzat hartuta, "gutxi" eskatzen ari direla diote, eta hala ere, patronalek –Adegi, Lares eta Matia– ez dute lan gatazka konpontzeko borondaterik erakutsi. Sektoreko hitzarmena berritzeko mahai negoziatzailea 2025eko urtarrilean jarri zuten martxan, baina patronalak ez du proposamenik aurkeztu mahai horretara. Joan den ekainaren 29an bildu ziren patronalaren eta ELAren ordezkariak azkenengoz, eta geroztik, negoziazioa blokeatuta dago.

Mahai horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hutsunea nabari dute. "Aldundiari ere esertzeko eskatu genion, baina ezer ez. Patronalari zerbait eskatzen diogunero, erantzuten digute soilik aldundiak dirua ematen badie egingo dutela eskatutakoa, bestela, ezetz. Aldundiak, berriz, esaten digu patronalarekin negoziatu behar dugula. Azkenean, inork ez du ezer eginten", esplikatu du Arranzek.

Hala ere, San Juan egoitzako grebalariek ez dute errenditzeko asmorik. Datozen asteetan alderdi politikoetako ordezkariekin bilerak egingo ditu ELAk, eta eskatuko die datorren urteko aurrekontu orokorretan har ditzatela kontuan Gipuzkoako erresidentzietako beharrak. "Iaz hamar milioi jarri zituen mahai gainean Podemos-Ahal Duguk, eta sinatu egin zuten. Hori huskeria bat da, hamar miloik ez dute partzialtasunarekin amaitzen", gogoratu du ELAren alor soziosanitarioko Urola Kostako arduradunak.

Eragileen babesa

Zumaiako hainbat eragilek babestu dute San Juan egoitzako langileek gaur arratsalderako deitu duten manifestazioa. Besteren artean, protestari atxikimendua eman diote Malen Etxeak, Mugimendu Feministak, Emakumeon Etxeak, Pentsiodunen Mugimenduak, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Kontseilu Sozialistak eta Itaiak. 

Patronalek eta aldundiak beren eskaerak entzun ditzaten deitu dute manifestazioa grebalariek, baina horrez gain, herritarren babesa sentitu nahi dute egoitzako langileek, eta borrokan segitzeko indarra hartu; zeren, aitortu dutenez, ez da erraza horrelako greba luze bati eustea. Gogoratu dute, gainera, zaintza sistema duintzeko borroka "herritar guztiena" dela. "Hemen bizi dugun arazoa denona da; eta gaur ez baldin bada, bihar izango da", agertu du Bollainek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide