Bost urte betetzera doa Emakumeon Etxea eta kolektiboan egindako bidea ospatzeko baliatuko dute urtemuga, ostiral honetan. 19:00etan hasiko da ekitaldia, Zumaiako emakumeen eta gainerako disidenteen aterpeak Martxoaren 8a plazan duen egoitzaren aurrean.
Emakumeon Etxeko arduradunek nabarmendu dutenez, "urte hauetan elkarrekin egindako ibilbidea ospatzeko eguna izango da ostiralekoa". Ekitaldia Irene Iruretak sortutako Unibertso oso bat gara murala inauguratuz hasiko dute, eta atzetik, Sara Uribe-Etxeberriak urteurrenaren harira idatzitako poema aditzeko aukera izango dute festara hurbilduko direnek. Ospakizuna amaitzeko, Olaia Inziarteren kontzertua eta mokadutxoa izango dira.
Festaren aurretik, baina, atzera begira jarri dira Emakumeon Etxeko dinamizatzaileak. Gogora ekarri dutenez, 2018an sortu zuten Emakumeon Etxeko elkartea, eta hiru urteren ostean, 2021eko irailean, zabaldu zuten Martxoaren 8a plazako espazioa. Geroztik, ehundaka jabetze eskola, agendako ekintza eta elkargune antolatu dituzte etxeko programazioaren baitan. "Egitasmoa egonkortu ahala, etxeko eskaintza zabaldu eta herritar gehiagorengana iritsi da", adierazi dute.
Ikasturte berrirako osatutako eskaintzak izan duen arrakasatak berresten du Emakumeon Etxearen haziera. Irailetik abendura bitartean eskainiko dituzten 17 ikastaroetarako 358 izen-emate izan dira, "inoiz baino gehiago", dinamizatzaileek argitu dutenez. Ohiko egitarauaz beste eskaintzen dituzten zerbitzuen arrakasta ere azpimarratu dute: 500 liburutik gora ditu liburutegi feministak, eta martxan dituzte arreta psikologiko eta aholkularitza juridiko zerbitzuak. "Azken horiek bereziki garrantzitsuak dira indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen beharrei espazio seguru eta hurbil batetik erantzun ahal izateko", adierazi dute.
Espazio propio bat, elkarlanetik
Dinamizatzaileek berretsi dutenez, "Emakumeon* Etxea Zumaiako emakumeek* espazio propio bat izateko beharretik sortu zen, eta horixe bihurtu da: espazio propio bat saretzeko, elkar-zaintzeko, ikasteko, ahalduntzeko, antolatzeko; finean, herria feminismotik eraldatzeko".
Hori guztia elkarlanari esker lortu dutela nabarmendu dute; are, ohartarazi dute herritarren "partaidetzak, prestutasunak eta lan boluntarioak" sostengatzen dutela etxea, eta eskerrak eman diete, halaber, bost urte hauetan bidelagun izan dituzten herriko taldeak eta bestelako eragile feministak.
Hain zuzen, etxea eraikitzen eta bizitzaz betetzen lagundu duten horiei eskerrak emateko ere baliatu nahi dute urteurreneko festa. Hori dela eta, herritar guztiak animatu dituzte ostiral arratsaldeko ekitaldira batzera, "orain arte egindako bidea eta aurretik geratzen zaigun guztia ospatzeko".